Kazeta

Lan erreforma: hiru hitzordu eta helburu bakarra

Iragan astean lehen manifestazioa bat burutu ondoren, irailaren 21n beste protesta bat antolatu dute Macronen Lan Erreformaren kontra jotzeko. CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek antolatu duten mobilizazioa Hendaian iraganen da. LABek bere kabuz ekimena antolatuko du eta ondoren, denak batuko dira Irunen.

Irailaren 12an Baionan antolatu zuten manifestazioa. © Isabelle Miquelestorena
Irailaren 12an Baionan antolatu zuten manifestazioa. © Isabelle Miquelestorena

Lan Erreformaren kontra jotzeko, garraiolariak mobilizatu ziren irailaren 18an. Iragan astean bezala, aste honetan ere Macronen araudiaren kontrako ekintzak aurreikusiak dira. Ipar Euskal Herrian ere CGT, FSU eta Solidaires, baita LAB ere ekintzak burutuko dituzte irailaren 21n.

Gobernuari abisu bat luzatzeko mobilizazioak burutu dituztela aipatu du CFDT-FGTE federazioko idazkari nagusiak. "Ez bagaitu entzuten, pausu berri bat emanen dugu", erantsi zuen. Heldu den irailaren 25etik CGT eta FOko Garraio sailak mobilizatuko dira.

Garraiolariak ez dira protestara batu diren bakarrak. Erretretadunen elkarte eta sindikatuek ere beren ezadostasuna erakutsiko dute.

Pertsona gehiagorengana heldu

Ipar Euskal Herriari dagokionez, Hiri tipien 20. Biltzarraren karietara sindikatuak mobilizazioak mantentzea erabaki dute sindikatuek. Oroitarazi behar da, azkenean Edouard Philippe Lehen Ministroak ez duela parte hartuko Ficoban iraganen den ekimenean. Lurraldeen Kohesio ministroaren Estatu idazkaria den Julien Denormandie bere ordez etorriko da.

CGT, FSU eta Solidaires Hendaia eta Irun arteko martxa bat antolatu du. Goizeko 11.30etan Joncaux industria eremutik abiatuko dira, hain zuzen. CGTk azaldu duenez, mobilizazioaren xedea da Baionan elkartutako pertsona baino gehiago biltzea. Lehen manifestazioaren bilan baikorra plazaratu eta, "pedagogian" arreta jartzeko ordua dela dio sindikatuak.

LAB sindikatu abertzaleak toki berean ekimen bat antolatuko du 10.00etan. Ondotik, Irunen bukatuko den martxara batuko da. Halaber, CFDT sindikatuak elkarretaratze bat antolatu du 12.00etatik 14.00etara Santiago zubian.