Kazeta

Etxepare lizeo berria hornitzeko auzolan 'erraldoia' burutu dute

Irailean bere ateak idekiko ditu Etxepare lizeo berriak. Zentroa hornitzeko, auzolan "erraldoi" bat burutu dute abuztuaren 7an. Ikastetxearen aldeko kanpainak abendura arte segituko duela oroitarazi dute Seaskako kideek.

Ikasle, irakasle, buraso baita euskaltzale andana batek ere abuztuaren 7an Etxepare lizeo berrian iragan den auzolanean parte hartu dute. Guztiek zentro berria hornitzeko lanetan bere ekarpena egin dute. Filipe Lascaray lizeoko langileak ekimena baliatu du ikastetxe berriaren aldeko babesa eskertzeko: "Eskerrak denei, denena da hau".

Iazko irailean lizeo berriaren aldeko kanpaina aurkeztu zuten Seaskako arduradunek. "Hazten gaitu, hazten dugu" lemapean, 300.000 euro lortzeko xedea finkatu zuten. Materiala erosteko behar den dirua lortzeko, sagarrondoak saldu dituzte.

Euskal Herri osotik sostengua jaso du Seaskak hilabete hauetan. Kanpainak abendura arte segituko duela oroitarazi du Seaskak auzolanean, "mementoan dugunarekin ez baita aski".