Idoia ERASO

Ohitura zaharrak errespetatzen dituen pastoral berritzailea

Nafarroako erresuma hizpide hartuta, ohitura zaharrek ideia berriekin topo egin dute uztailaren 30ean aurkeztu duten "Joanikot" pastoralean.  XVI. mendeko gainbehera ikuspegi abertzale modernotik azaltzen du aurtengo ikuskizunak. Heldu den abuztuaren 6ean bigarren emanaldi ba eskainiko dute Altzain.

Heldu den abuztuaren 6ean bigarren emanaldi bat eskainiko dute Altzain. ©Bob EDME
Heldu den abuztuaren 6ean bigarren emanaldi bat eskainiko dute Altzain. ©Bob EDME

Mendeetako tradizioa biltzen da pastoralean, eta azken urteotan aldaketa sumatzen baldin bada ere, oraindik gure gizartearen ezaugarri berri anitzek ez dute antzezlanotan tokia atzematen gehienetan. Aurten, aldiz, euskal gizarte abertzale, euskaltzale, bakezale, feminista, integratzaile eta antiklerikala aurkeztu da Altzain. Gauza batzuk berritu baldin badira ere, oinarriak atxiki ditu, eta, betiko legez, ahots eder, dantzari arin, arropa landu eta herriaren elkarlanaren giroarekin jantzirik aurkeztu zuten uztailaren 30ean pastorala, milaka ikusleren aitzinean, Garako artikuluak azaldu duenez.

Altzaiko beheko larreetan ezarrita zeuden harmailak jendez bete ziren. Hasteko tenorea baino minutu batzuk lehenago ikusleek maldan behera altzaiar-lakarrarrak beraiengana hurbiltzen ikusi zituzten, mendiak atzean eta zelaiak inguraturik. Horrela, lehen momentutik pastoralak bere magia aurkezten du, hilabeteetako lanaren ondorio den antzerki kodifikatua Xiberoko larreen artean, non obrari protagonismoa kendu gabe naturak ikusleari harrera egiten dion.

Pastoralaren arau formal guztiak errespetatuz, betiko urrats, musika, egitura eta koreografiarekin bat eginez, herriko arizale (pastoraleko aktore) guztiak jantzi ederretan agertokian desfilatzen ikusi ondoren, obraren hainbat ikuspegi berritzaile aditzera eman ziren lehen jeikialditik. Lehen hitza, ondoan Arberoako Joanikot senarra zuen Oztako Maiaren ahotik etorri zen, obran bere pertsonaiak izanen duen garrantziaren erakusle. Gerran aritu gabe ere, hark tropak laguntzen, iritzia ematen eta erabakiak hartzen izan zuen tokia aldarrikatu du Joana Etxart idazleak horrela.

Emakumeen presentzia oso murritza izaten duten pastoraletan Etxartek obra osoan zehar atzeman daitekeen aldaketa ekarri du. Maiaren pertsonaiaz harago, taula gainean emakumeak beti presente dira, gorri zein urdinen aldean, eta gorteetako erabakietan eta gudetan ere ikusten dira.

Ongiaren eta gaizkiaren arteko obra dualista dugu pastorala, Erdi Aroko ikuspegi erlijiosoaren ondorioz. Egituraketa errespetatuz eta bi aldeen arteko gatazka oinarri hartuta beste ikuspegi bat ikusten da aurtengo antzezlanean. Normalean satanak gorri baldin badira, urdinak elizkoiak izaten baitira, eta bien arteko zubi, aingeru eta elizgizon eta emakumeak. Aurten ez da aingerurik agertu Altzain, eta hainbat elizgizon historiko gorrien artean kokatzen dira, esaterako Loiolako Inazio eta Cisneros kardinala, edo pastoralean izendatzen duten bezala, "tzakür basa".

Baina jarrera hau ez da erlijioaren kontrakoa, tolerantziaren aldekoa baizik, bertan Ferdinand Gaztelako erregeak juduak eta musulmanak kanporatu zitueneko deliberoa kritikatzen baita. Aldi berean bakearen aldeko aldarria ere egiten da hainbat unetan, gaur egungo egoerara egokituta: "Garrüze edo Alep, Belfast edo Bangi/ Iraganz ez dügü deüs ere ikasi/Ülünaren artetik ba ote da argi/ Gure haurrek nahi düe bakea ikusi".

Azken hamarkadetako joerarekin bat eginez, euskal sujeta izan da aurten ere, baina hain ohikoa ez den ikuspegi abertzaletik. Nafarroako Erresumaren gainbeheraren gaia Euskal Herriko historiaren baitan kontatuta antzeztu zuten xiberotarrek. Historia liburuetan gutxi agertzen den Joanikot kapitainaren bizitza inspirazio iturri hartuta, abertzaletasun eta euskaltzaletasuna obrako gai nagusietakoak dira. Gaztelako erresumaren aldekoak gorri zitalen kontra diren albretarren urdin zintzoak. Azken hauen ahotan "Altxa Baskoa! Biba Nabarra libroa!", entzuten da behin baino gehiagotan.

Ahots ederrak

Antzezlan herritarra izanik, artisten artean maila guztietako interpretazioak atzeman daitezke beti, baita “Joanikot”-en ere, baina aurten sujeten ahotsa nabarmentzekoa da. Eric Alçacebe eta Pascale Arambururen kantuek ikusleria liluratu zuten, bereziki bakoitzak bakarkako kantua izan zuenean etorri ziren txalo zaparradei erreparatzen badiegu behintzat.

Txaloei begiratuta, umeen parte hartzeek arrakasta handia izan zuten. Aingerurik gabeko pastoral honetan haurrentzako tokia musikari lotua izan zen bereziki; Iruñeko haurren papera egokitu zitzaien bi abestitan. "Besta egüna Iruñean" obran, txikienen ahotsak mugimenduarekin egin zuten bat, pastoraleko dantza bakanetako bati doinua ezarriz.

Dantzak gutxi izan ziren, baina izan zirenak gustuz hartu zituzten ikasleek. Satanen jauziek harrera ona izan zuten aldiro, eta bereziki denak biltzean izan zen ikuskizun ederra, ez baita beti hamasei Büljifer elkarrekin taula gainean saltoka ikusteko parada. Esperientziadun dantzariekin, gaztetxoen teknika ere agerian eman zuten.

Agertokira mugimendua eta erritmoa ekarri zutenak guduetako koreografia ederrak izan ziren; borobil zein laukian, taula gaina betez urdin eta gorrien arteko borroken betiko urratsak dinamikoki mugiarazi zituen arizaleak.

Dantzak gutxi izan baziren, kantu anitz eta askotarikoak entzuteko aukera izan zen. Poesia eta mezu aberatsez betetako abestiak plazaratu ahal izateko kolaborazio anitz izan ditu aurtengo pastoralak, idazle zein musikarien aldetik: Niko Etxart, Ttittika Rekalt, Xabier Itzaina, Mirentxu Aguerre, Jean- Louis Aramburu Bidabe, Isabela Barreix, Pascale Aramburu...

Bukaerako peredikuan izan zen ikusleriaren parte hartze handiena. Azken koplan bereziki, non, "Ondotik joan zitaie/ Nor züen etxetara» hitzak bota eta gero, Beñat Mardoren “Jaun Baruak” kantoretik hartuak: arizaleek erran zuten: «Eta maita herria/ Üken dezadan plazera". Orduan ikusleak kantuan eta txaloka jarri ziren.

Mezu anitz helarazi ditu aurtengo pastoralak; horien artean Nafarroako Erresumaren historia, eta horrekin batera Euskal Herrikoa. Baina hau, ezagutzarako bidea ireki nahi duen atea besterik ez izatea xerkatzen du idazleak, eta horren aldarria egin zuen azken peredikuan: "Balizateke besterik/ Orano ere kontatzeko/ Zabal etzazü libürüak/ Horien ororen ikasteko". Pastorala deskubrituz lehendabiziko urrats hori eman nahi dutenentzat, oraindik bada aukerarik, hurrengo igandean bigarren emanaldi bat izanen baita herrian.