Xan Idiart

Bidaxuneko ahate sanoak adoptatu dituzte

Prefekturaren agindupean hil behar ziren ahateak sano direla dio uztailaren 20 albaitari ikerketa batek. Lehen adopzioak uztailaren 21ean egin dituzte.

Bidaxuneko ahateak sano dira. © Isabelle MIQUELESTORENA
Bidaxuneko ahateak sano dira. © Isabelle MIQUELESTORENA

ELB sindikatukoak jadanik segur ziren arren, prefekturak hil nahi zituen Bidaxuneko haztegiaren ahateak sano dira ofizialki. Hain zuzen ere, uztailaren 20eko albaitari ikerketa batek erakutsi du ahate horiek ez zutela hegazti gripearen zantzurik, Estatu frantsesak eta ondorioz prefekturak beldur zuten bezala.

“Berri ona dela dio” ELBko bozeramailea den Panpi Sainte Mariek. Lataillade familiaren ahateak atxikitzearen alde borrokatu ziren guztiek sarea salbatu dutela azpimarratu du. Prefekturaren erabakiaren kontrako helegite bat jarri zutela oroitarazi du batez ere. Haatik helegite hori, larrazkenean baizik ez dute aztertuko.

Ahate sano horiek adopziora eman dituzte beraz Domintxineko Jean-Michel Berhoren etxaldean. Profesionalek zein norbanakoek adoptatu zitzaketen ahateak. Norbanakoen artean, Jean-Michel Pochelou badago. “ELBk adoptatzeko deia luzatu zuenean ekainaren 13an, berehala aurkeztu nuen nire burua. Ahate horiek ez behar nituelako, baizik eta ekoizleak sostengatzeko”. Domintxinen, pertsona talde batek “kontsumitzaileak ekoizleen sostenguz” zeramatzaten jantziak zituzten soinean.

“Borrokak segitzen du”

ELBk aurkeztu duen helegiteaz gain, borrokak segitzen duela gogorarazi du Sainte-Mariek. “Afera hori ez da hemen bukatzen. Laborantzaren industrializazioaren kontrako ikur gisa erabiliko dugu oraindik goiti”. Industrializazio horrek ez bururik, ez buztanik ez duela erran dute sindikatukoek.

Hots, ironia osoz helarazi diote mezu bat prefekturari Domintxinetik. Ahateak basakortan ezartzea gomendatu dute, “ahateak soziabilizatu daitezen”. Bestalde, jabeei galdegina zaie edozein elementu bitxi seinalatzea Herriko Etxeari: arrek arrautzak erruten baldin badituzte, edo hortzak gaizki luzatzen baldin bazaizkie ahateei.