Kazeta

Bidaxuneko etxaldeko arduraduna galdekatu dute ikerleek

Prefekturak Baionako Auzi zibilen auzitegiari bere erabakia ez dela aplikatua izan jakinarazi ondoren, jendarmeria Bidaxuneko Lataillade familiaren etxaldera joan da ekainaren 20ean. Etxaldeko arduraduna galdekatzeaz gain, dokumentuak eraman dituzte.

Asteazkenean, ohikoa den bezala, sortuko diren ahatekumeen bila joanen dira ekoizleak. ©Isabelle Miquelestorena
Asteazkenean, ohikoa den bezala, sortuko diren ahatekumeen bila joanen dira ekoizleak. ©Isabelle Miquelestorena

Ekainaren 20ean, goizean goiz, polizia andana bat Bidaxuneko Lataillade familiaren etxaldera joan da. Prefekturak bertako ahateak hiltzeko agindua eman zuen ekainaren hasieran, baina ekoizleek hegazti gripearen kontrako neurriari bizkarra eman diote. Gainera, familiak erabakiaren kontrako errekurtsoa aurkeztu zuen ekainaren 20ean Paueko administrazio auzitegian. Agindua urratu dutela ohartarazi dio Prefekturak Baionako Auzi Zibilen auzitegiari.

ELB sindikatuak Bidaxunera hurbiltzeko deia luzatu du goizean. Azkenean, ordu gutxi egon dira bertan jendarmeak. Sindikatuak azaldu duenez, kontabilitatearen dokumentuak baita bezeroen zerrenda ere eraman dute jendarmeek. Gainera, etxaldeko arduraduna galdekatu dute ikerleek. Bide beretik, Samuel Vuelta Simon prokuradoreak arduradun juridikoa galdekatuko duela aipatu du.

Mobilizazioaren deiari erantzun diotenak etxaldetik urrun egon behar izan dute, bidea hetsi baitute. ELBren aburuz, goizeko gertakaria "probokazio" bat izan da.

Asteazkenean, ohikoa den bezala, ekoizleak Bidaxuneko etxaldera hurbilduko dira egunean bertan sortuko diren ahatekumeak berreskuratzeko. ELBk oraingoz ez du mobilizazio berezirik aurreikusi.