Kazeta

Bakearen artisauak omendu ditu ELA sindikatuak

Ekainaren 15 eta 16rako XIV. Kongresua antolatu du ELAk Bilbon. Lehen eguneko ekimenean Bakearen artisauek burutu duten lana omendu du sindikatuak.

Bakearen artisauen ordezkaritza bat oholtza gainera igo zen. ©ELA
Bakearen artisauen ordezkaritza bat oholtza gainera igo zen. ©ELA

ELA sindikatuko 750 bat ordezkari bildu ziren ekainaren 15ean abiatu zen Kongresuan. Ekimenean sindikatuak datozen lau urteetako duen lan ildoa aurkeztu zuen. Halaber, sindikatuak aukera baliatu zuen LABi eskua luzatu eta "aliantza estrategikoa" sortzea proposatzeko. Horrez gain, Bakearen artisauek burutu duten lana goraipatu zuen.

Xabi Anza sindikatuko arduradunak otsailean zendu zen Valentin Bengoa militantea omendu zuen hitza hartu bezain laster. Ondoren, bakegileak omendu zituen. "Bakea lortzeko desarmea beharrezkoa" zela nabarmendu zuen. "Bakegileek ikasgai bat eman ziguten, beti egin dezakegula zerbait mugiezina dirudiena mugitzeko", erantsi zuen.

Michel Berhocoirigoin eta Txetx Etcheverryk ere ekimenean parte hartu zuten bideo baten bidez. Oroitarazi behar da Etcheverry Manu Robles Arangiz Fundazioko kidea dela. Baldintzapeko askatasuna dela eta, ezin dira Hego Euskal Herrira joan.

ELA sindikatuak bakegileei egindako omenaldian opari sinboliko bat eskaini zion bertara hurbildu zen ordezkaritzari. Hain zuzen, Juliette Bergouignan, Anne-Marie Bordes, Michel Larralde, Jean-Louis Dupuin eta Stéphanie Carré oholtza gainera igo ziren. Azkenean, ikusgarri batek bukaera eman zion Bakearen artisauei egindako omenaldiari.