Kazeta

Baionako desarme egunean parte hartzeko deia luzatu dute bake artisauek

Bake artisauek apirilaren 8ko desmartxarekin bat egin duten eragile berriak aurkeztu dituzte martxoaren 23an. ETAren "erabateko" desarmearen eguna Baionan iraganen dela iragarri dute.

Apirilak 8 milaka izateko deia egin dute bake artisauek. ©Isabelle Miquelestorena
Apirilak 8 milaka izateko deia egin dute bake artisauek. ©Isabelle Miquelestorena

Kolore anitzetako eragile politiko eta sozialek apirilaren 8an Baionan iraganen den desarme eguna sostengatu dute. Horien artean, Sylviane Alaux eta Colette Capdevielle diputatu sozialistak, Frédérique Espagnac senataria, Max Brisson Errepublikanoak alderdiko hautetsia, Martine Bisauta Baionako hautetsia eta Lucien Betbeder Lekorneko auzapeza presente daude, besteak beste.

Hain zuzen, orotara, 53 eragile politiko, sindikal, elkarteko kide, laborari, idazle, baita kazetarik ere deialdiarekin bat egin dute. Ekimenean, "bake zuzen eta iraunkor baten arrangura duten herritar guziek bat egiteko" gonbidapena luzatu dituzte.

Ikusmira handia piztu du bake artisauen prentsaurrekoak. Estatu espainiarreko prentsa andana bat hurbildu da hitzordura. Michel Berhocoirigoin hitza hartu duen lehenengoa izan da. Biarritzeko foroan egin bezala, armagabetzea "osoa, egiaztatua eta segurtatua" izanen dela berretsi du. Halaber, apirilaren 8ak agertoki berri bati ateak idekiko dizkiola erran du. Hots, "preso eta biktimen gaia konpontzeko bidearen hasiera" izanen dela aipatu du.

"Etorkizun demokratikoaren" alde

Maite Irazoki Atxik Berrituz elkarteko kideak bake artisauen mezua irakurri du. Estatu frantsesaren parte hartzeari dagokionez, "egiaztaturiko prozesu ordenatu batean, aukera hoberena dela" dio. Ildo horretatik, "bakoitzak bere ardurak hartu behar dituela" nabarmendu du. "Euskal Herrian bake iraunkor bat finkatu behar da. Bortizkeria egoerara ez itzultzeko, baldintza saihestezina da. Biktima guzien aitortza ezinbestekoa da", erantsi du.

"Euskal Herrian bortizkeriarik gabeko etorkizun demokratiko bat eraiki dadin", bake artisauen desarmearen egunean parte hartzeko deia luzatu dute. "Apirilaren 8an bakearen aldeko artisauak milaka izanen gara", azpimarratu du Irazokik.