Kazeta

Euskal Zinema presente 'Rencontres sur les Docks' festibalean

Baionako Atalante zine gelak "Rencontres sur les Docks" festibala antolatu du martxoaren 8tik 11ra. Aurten, euskal zinemagintzari buruzko eskaintza berezia proposatuko du martxoaren 9 eta 10ean.

Bego Zubia Gallastegiren "Sagardoa Bidegile" dokumentala eskainiko dute ostegunean.
Bego Zubia Gallastegiren "Sagardoa Bidegile" dokumentala eskainiko dute ostegunean.

"Rencontres sur les Docks" festibalaren 13. edizioak fikzioa eta sorkuntza dokumentalak proposatuko ditu martxoaren 8tik 11ra. Atalante zine gelak antolatzen duen ekimenak espazio berezia eskainiko dio Euskal Herriko zinemagintzari. Hain zuzen, ostegunean eta ostiralean, besteak beste, sagardoaren ohituraz azalpenak eskainiko dituzte.

Atalante zine gelak eta Euskal Kultur Erakundearen (EKE) arteko elkarlanari esker, euskal zinemagintzaren eskaintza garatzen doa Baionako aretoan. Hori dela eta, Euskal Herriko zine produkzioak ere aurtengo festibalean presente izanen dira.

Martxoaren 9an 18.30etan Bego Zubia Gallastegiren "Sagardoa Bidegile" dokumentala eskainiko dute. Horrek sagardotegien ohituraren jatorria azaltzeaz gain, bilakaeraz hitz eginen du. Ondoren, 20.00etan Bernat Etxepare lizeoaren "Hazten gaitu, hazten dugu" kanpainaren karietara "Txotx eta aperitifa" antolatuko dute. Parada izanen da sagarrondoen salmentaren berri emateko, baita ekainean iraganen den Sagarno Eguna ekimena aurkezteko ere. Patxi Iriart eta Maddi Sarasua bertsolariek ekimena alaituko dute. Eguna bukatzeko, 21.00etan Koldo Almandozen "Sipo Phantasma" filma proposatuko dute.

Ostiralean, martxoaren 10ean, 18.30etatik aitzina, laburmetraiak proposatuko dituzte. Hala nola, Koldo Almandozen "Hubert Le Blonen azken hegaldia" eta Las chicas de Pasaiken "Gure Hormek".

Festibalaren egitarau osoa hemen ikusgai.