Kazeta

Ipar Euskal Herriko ekoizleak Pariseko Laborantza Saloirako prest

2017ko otsailaren 25etik martxoaren 5a arte iraganen da Pariseko Laborantza Saloia. Ipar Euskal Herriko ekoizle batzuk aurkitzen ahalko dira bertan, horien artean Désiré Loyato. Bere etxean egin zuten saloiaren aurkezpena otsailaren 20ean.

Ipar Euskal Herriko ekoizle batzuk Pariseko Laborantza Saloian izanen dira.
Ipar Euskal Herriko ekoizle batzuk Pariseko Laborantza Saloian izanen dira.

Urtero legez, Pariseko Laborantza Saloira joanen dira Ipar Euskal Herriko ekoizle edota laborari batzuk. Izan ere, sei izanen dira hartaratuko direnak eta Pirinio Atlantikoetako beste 4 erakusketarirekin batera gurutzatzen ahalko dira Pirinio Atlantikoetako erakusmahaian. Saloiaz zein ekoizle lanaz mintzatzeko, Gamarteko Désiré Loyatoren etxaldean antolatu zuten prentsaurreko bat otsailaren 20ean FDSEA sindikatuko kideek eta Departamenduko Laborantza Ganbarako ordezkariek, ekoizleen presentzian.

Désiré Loyatok hitza hartu zuen lehenik, bere etxaldea aurkezteko. Ardiekin baizik ez du lan egiten, beren esnearekin bereziki. Ardi gasnak ekoizten ditu batik bat eta badira sei-zazpi urte Camembertak egiten dituela ere. Hala ere, bere ekoizpenaren %90a Ossau Iraty gasna da. Ossau Iraty, bere labeletako bat da, bestea, "bleu blanc coeur" izenekoa delarik.

Bere etxaldea handitu nahi lukeela adierazi du Désiré Loyatok, baina ezin. Oraingoz 500 ardiz osaturiko artaldea du gutti gora behera. Ekoizpenak banaketa handian zein ostatuetan saltzen ditu. "Zergatik joaten naiz Pariseko saloira? Konkurrentzia ikusteko parada dugu horrela eta gure ekoizpenen publizitatea dagigu". Bestalde, etxaldean dituzten manex buru beltz eta gorriei esker, "Mendigunetako arrazen kolektiboa den CORAMekoak" direla gehitu du Désiré Loyatok.

Kalitatezko ekoizpenak

Departamenduko Laborantza Ganbarako presidentea den Guy Estraderen aburuz, Parisera doazen hamar ekoizleek "Pirinio Atlantikoetako indarraren adierazle dira". Saloian parte hartzeko tokia atzematea zaila dela erran du, hoberenak baizik ez direlako joaten. "Ondikotz, kalitatezko ekoizpenak erakutsiko ditugu Parisen".

Zentzu horretan ere doaz Bernard Layreren hitzak. Departamenduko FDSEA sindikatuko presidentea da bera eta hipermerkatuak ukan ditu aipagai besteak beste. Hain zuzen ere, hipermerkatuetako ordezkariekin izan duen bilkura bati buruz mintzatu da. Azken denbora hauetan, etxeko ekoizpenen prezioak apaldu dituzten supermerkatuak gogorki kritikatu ditu. Horregatik Sapin legea goraipatu du. Lege horri esker, hipermerkatuek ezingo dituzte gehiago etxeko ekoizpenen prezioak finkatu.

Oro har, Gamarten bildu ziren ekoizle, sindikal eta Laborantza Ganbarako kideak ados daude. Laborantza eremua krisi ekonomikoan dago eta ekoizle batzuei zaila zaie beren lanaz bizitzea. Pariseko Laborantza Saloia baliatuko dute beraz, beren aldarrikapenak aitzina eramateko, baina "besta giroa zapuztu gabe" hala ere. Saloia aldiz, 2017ko otsailaren 25etik martxoaren 5a arte iraganen da Parisen.