Kazeta

Errobin urrea esploratzearen kontra agertu da Euskal Elkargoa

Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak Michel Sapin Ekonomia eta Finantza ministroari gutun bat bidali dio Errobin urrea esploratzearen kontrako desadostasuna adierazteko. Gaiari buruzko deliberoa eztabaidatua izanen da Elkargoko kontseiluaren hurrengo bilkuran, otsailaren 24ean.


Urrea esploratzearen kontra mobilizatu ziren otsailaren 11n Ezpeletan.
Urrea esploratzearen kontra mobilizatu ziren otsailaren 11n Ezpeletan.

"Kanboko baimena" deituriko eskakizunaren bidez, Sudmine enpresak Errobiko hainbat herritan urrea esploratzeko baimena lortu nahi du. Hain zuzen, Ainhoa, Kanbo, Ezpeleta, Haltsu, Itsasu, Jatsu, Larresoro, Sara, Senpere, Zuraide eta Uztaritzeko 126 kilometro karratuetan urrea bilatu nahiko luke. Berriki Ekonomia eta Finantza Ministeritzak gaiari buruzko kontsulta publiko bat abiatu du. Horren kontra jotzeko mila pertsona baino gehiago mobilizatu ziren otsailaren 11n Ezpeletan. Eskualdeko kontseiluan "Kanboko baimenaren" aurkako mozio bat bozkatu zuten aho batez otsailaren 13an. 


Euskal Elkargoko presidentea den Jean-René Etchegarayk, gutun baten bidez, "Kanboko baimenarekiko" duen iritzi ezkorra adierazi dio Michel Sapin Ekonomia eta Finantza ministroari. Batzorde eragilea bildu eta, bere jarreraren argudioak azaldu dizkio. Hain zuzen, Lapurdin mendi enblematikoak eta monumentu historikoak aurki daitezkeela erran ondoren, "zaindu beharreko ondasun arkeologikoa" dagoela erantsi du.

Errobiko sare hidrografikoaren garrantzia nabarmendu eta, Kanboko ur termalak aipatu dizkio.
Ildo horretatik, herriko bainuetxean 760 langile daudela eta 60.000 milioi euroko irabaziak ekartzen dituela nabarmendu dio. Ekonomiari aipu eginez, lurraldean kalitatezko laborantzak duen garrantzia azpimarratu dio. Batez ere, Errobi aldeko AOPei esker hiru ehun laborarik tokiko ekonomia sustatzen dutela aipatu du.

Txostena ikertu ondoren, esplorazioaren faseak lurraldea eragingo lukeela erran dio. Batez ere, eragin horiek laborantzan agertuko lirateke. Gainera, ariketak kutsadura eragiteko arriskua lukeela ohartarazi dio.

Hori dela eta, proiektuarekiko bere desadostasuna adierazi dio Ministroari. Etchegarayk otsailaren 24ean iraganen den Elkargoko kontseiluan gaiari buruzko deliberoa mahaigaineratuko duela iragarri du. Horren berri emanen diola erran dio Sapini.