Kazeta

ELEKA, hausnarketarako sail berria

KAZETA.EUSek atal berri bat du: ELEKA. Bertan, Ipar Euskal Herriko hainbat kazetari, idazle, irakasle edo eragilek beren hausnarketak plazaratzeko parada dute. Mota askotako gaiei buruz elekatzeko aukera ematen dute.

Eleka ataleko parte hartzaile zenbait.
Eleka ataleko parte hartzaile zenbait.

KAZETA.EUS webguneak Ipar Euskal Herriko eragileei txoko berri baten ateak ireki dizkie. ELEKA deitu atala plaza libre bat izango da kazetari, idazle eta irakasleentzat. Gaurkotasunezko gaiak jorratzeaz gain, norberaren pentsamendu eta hausnarketak azalduko dituzte parte hartzaileek.

Astelehen eta ostegunetan ELEKA saileko parte hartzaileen idatziak argitaratuak izanen dira. Besteak beste, Joseba Aurkenerena irakaslea, Franck Dolosor kazetaria, Ixabel Etxeberria irakaslea, Erramun Bachoc soziolinguista eta Hodei Barroso bertsolariaren testuak irakurgai izanen dira.

Bachocek bere lehen ekarpenean gaur egun Ipar Euskal Herrian gaurkotasun handia duen gaiaz idatzi du: "euskal elkargoa". Urtarrilean abiatuko den instituzio berrian euskarak izango duen lekuaz mintzo da. Ttitto Betbeder Euskal Irratietako arduraduna, berriz, Euskal Herriaren kontzeptuaz ari da: "aitzinatu ote dea? edo aitzinatuagoak ginen 'lehen"?".