Chronique
 
Euskal Elkargoa eta euskararen bihurgunea

Soziolinguistak bi urrapide luzeren bidegurutzean garela erakusteko xedea du bere artikuluan, hots, euskalgintzarena eta herrigintzarena. Horretarako, hainbat arlo jorratu ditu; besteak beste, euskarak izango lukeen presentzia elkargo bakarrean.

Erramun BACHOC|07/11/2016 17:05|0 commentaires
Capture_d_e_cran_2016-11-14_a_12.48.36
Erramun Bachoc iruditan.

1.    Euskararen biziberritze erronkak Iparraldean

Berri onak baditugu euskararen alorrean bai hegoaldean soziolinguistika inkestarekin, baita iparraldean ere ikasle zenbakiekin. Euskal Autonomia Erkidegoan 6. inkestak erakusten du 25 urtez 212.000 euskaldun gehiago, 16 urtez gorago herritarrengan. Ipar euskal herrian eskola sartze "historikoa" 10.000 ikaslerekin sare elebidunetan, ehuneko 38,6 lehen mailan eta ehuneko 45,2 ama-eskoletan. Hemengo emaitza soziolinguistikoak urtarrilean ukanen ditugu, gain-behera geldituko delako itxaropenarekin. Zergatik irauten du gainbehera honek, familia eta eskola bidezko transmisioa hoin indartsua delarik ? Ondorioak 5 edo 10 urteren buruan agertuko dira, anartean hizkuntza politika indartsu bat eramaten badugu.

Kasu ! Euskalgintzaren aldetik, militantzia aspaldidanik hasia da. Duela ehun urte, Euskaltzaleen Biltzarra eta Euskaltzaindia. Deixonne legearen ondotik (1951) elkarteen antolaketa, Ikas, Seaska, AEK, sare elebidunak. Lehen jardunaldiaren ondotik (1980) Pizkundea federazioa, Euskal Kultur Erakundea, euskarazko komunikabideak, Deiadar manifak. Bigarren jardunaldiaren ondotik (1992) eta Europako Kartaren itzalean Euskal Konfederazioa. Garapen kontseiluak hizkuntz antolaketaren ideia asmatu zuen eta programatu. 2000.urteko eguberriz prefetak lehen "hizkuntz politika" eskaini zigun. 2004an (EEP) Euskararen Erakunde Publikoa sortu zen, egiazko instituzioa honek "Hizkuntza politika proiektua" definitu zuen, "belaunaldi gaztei lehentasuna emanez hiztun osoak sortzeko". Urraspidea abiatu zen ororen adostasunarekin.

Aitzinamendu ohargarriak gertatu dira baina orain muga batera helduak gara. Lehen mailan ikasle anitzek euskara ikasten dute, bainan gaztetxoen gehiengo handiak euskara uzten du 2. mailan. AEKn 1000 ikasle urtero, halere beharrak askoz gehiago dira. Uda Lehuko aisialdiak kostaldean daude, ezer guti barnealdean. Euskarazko harrera 20 herriko etxetan egiten da, orotara 158 herri direlarik.  

2. Euskal Elkargoa, aukera berria euskararentzat

Egitura politiko berezia Frantziako Euskal Herriarentzat duela 2 mende baino gehiagoko eskaera da, orain arte baztertua zena. Hemen ere urraspide luze baten burura heltzen ari gara : Uztaritzeko Garat anaiak, Bagorriko Jean Etcheverry-Aïnchart diputatua, Mitterrand hautagaiaren 59. proposamena, BATERA plataforma bere 4 helburuekin, departamendua, unibertsitatea, euskara, laborantza ganbara eta datorren urtatsez Euskal Herriko hirigune elkargoa (laburdura Euskal Elkargoa).

Ez da guk nahi genuena. 2012an eztabaida luze baten ondotik Hautetsien Kontseiluak "lurralde kolektibitatea" hautatu zuen Ipar Euskal Herriarentzat, Kortzikan bezala. Egituna honek hiru ezaugarri nagusi zauzkan betidanik eskatu ditugunak : sufragio unibertsala, beharrezko eskumenak eta berezko zergalaritza.  Dena dela NOTRe legeak eskaintzen digun egitura hau onartu dute herrietako kontseiluek gehiengo handian. 158 herrietarik 112k alde bozkatu dute (%72k) eta jendetzaren bi herenak ordezkatzen dituzte. Ondorioz adostasun zabala agertzen da. Hazpaneko multzoak lehenik eta "gidaritza batzordeak" orain elkargo bakarraren egitura definitu dute : gobernantza, eskuduntzak, zergalaritza, baliabideak. Urri honetan prefatak dekretuz onartu du gobernantza, beraz Euskal Elkargoa abia daiteke datorren urtarrilaren lehenean.

Zer goaita dezakegu egitura berri honekin euskarari buruz? Egoera orokorki neurri handi batean aldatu da. Orain arte, Iparraldean euskara herririk gabeko herri hizkuntza zen, elkarteek bizkor atxiki dutena euskarri publiko gutirekin. Orain bi urraspide luzeren bidegurutzean gara, euskalgintzarena eta herrigintzarena. Asma dezakegu zer gertatuko den ikusiz adibidez euskarazko ikaskuntzak zer aitzinamendua egin duen "Euskal Herri 2010" prospectibak sortu zuen egitura brikolatuaren bidez. Euskal Elkargoak, besteak beste, kultura eta hizkuntzaren eskuduntza ukanen du. Orain bere hizkuntza politika martxan ezar dezake.

3. Hizkuntza politikaren ardatz nagusiak

 Euskal Elkargoa izan dadila orain daukagun hizkuntza politika proiektuaren eramalea. Gertatzen da eskumen hau partekatua dela, lau erakundeen artean, Estatua, Akitania Berri. 64. departamendua, herrien arteko sindikata, baita Eusko Jaurlaritza ere hitzarmen baten bidez.

Gaur egun erakunde hauek (EEP) Euskararen Erakunde Publikoan  daude erabakiak hartzeko eta baliabideak hornitzeko. Eskumen partekatuak eskatzen du EEPk iraun dezan bi aldaketarekin, Euskal Elkargoak hartuko du herrien arteko sindikatuaren lekua eta erakunde ezberdinen artean Elkargoa "lerro gidari" izanen da (chef de file).     

Hizkuntza politikaren lerro nagusiak definitu ziren  Lurralde kontratuaren denboran, Garapen kontseiluko "Euskara" lan taldean Euskal Konfederazioa eta "Planète publique" elkarteen lankidetzarekin. Hiru erronka hauek izan daitezke hizkuntza politika berriaren ardatz nagusiak.  

1. erronka, hizkuntzaren transmisio sistemen kalitatezko egituraketa azkarki indartzea :

Irakaskuntzaren bidez, euskararen trasnmizioa hobetuko da, ikaslegoaren oinarria zabalduz, ikasleen % 75ak elebidun sare batean sarraraziz eta gero ama eskolatik Hirugarrenerako jarraipenarentzat  %75aren heinera helduz. Ondorioz ikasleen erdia baino gehiagok %56) kolegio bukaeran euskarazko (B2) gaitasun onaren maila lortzeko gisan

Helburu honen betetzeko lau baldintza nagusiak dira hiru urtez peko haurrak euskaraz eskolatzea, hiru irakaskuntza sareetan murgitze ereduaren garatzea, bigarren mailan oren parekotasuna erdiestea irakaslego gehituz eta lehen haurtzaroari doakion euskarazko harrera zabaltzea.

2. erronka, lurraldeko bizitza-esparru orori, hizkuntza erabilpen dinamikak zabaltzea, lurraldeko biztanle guziek egunero hurbileko zerbitzuak  euskaraz erdiets ditzaten.

Euskararen erabilpen alorretan, Euskararen Erakunde Publikoa, herri elkargo eta hiri handien arteko partaidetzak egituratu eta hedatu beharko dira, lurralde osoan tokian tokiko hizkuntza politikaren  garatzeko, aisialdi, irakurketa publiko eremuetan. Hedabideen alorrean ere, eskaintza oso eta erakargarri bat segurtatuko da, hizkuntza gizartean bizi dadin etxeetan ere sartuz.

Jende helduen euskalduntze mailan indarrak handitu behar dira. Izan ere, gaurregun lurraldean, bost pertsonetarik bat baino gehixot euskaraduna da, baina erdiak baino gehiagok 50 urtetik gora ditu, 26-50 urtekoetan euskaradunak % 15 direlarik. Beraz ondoko urteetan,  euskaradun helduen kopurua murritza izanen da eta euskararen erabilera eremu batzuetan mugatuko litzateke. Gertaera hau aintzindu beharko da ikasle helduen kopurua azkarki emendatuz, hala formakuntza profesionalean nola pertsonalean.

3. erronka, helburu horien lotzeko, 2006an aginte publiko ororen artean finkatu hizkuntza politika proiektua gauzatzeko erritmoa azkartu behar da.

Kontuan hartuko da euskara desagertzeko arriskuan dela. Hiztunen kopurua jauts daiteke ezin itzulizko punturaino. Hizkuntzak eta kulturak  hilkorrak dira eta urtero dotzena bat hizkuntza desagertzen dira azken hiztuna zenduz. Lehenbailehen, Iparraldean UNESCOk finkatu duen %30eko marra gorria gainditu behar da.

Horretarako aterabide bakarra da hizkuntzaren biziberritze urraspiderako Euskal Herria esperimentazio eremu bilaka dadin, salbuespeneko funtzionamendu ausart, baten itzalean hizkuntza politikaren norabide guziak gauzatzeko gisan : murgilbidea eskola orotan, lanbide formakuntza elebiduna, lankidetza bururatuago bat EEP eta herrien artean, baliabide indartsuagoak hizkuntza politikarentzat.

4. Herri hizkuntzen estatusa auzitan

Konstituzioaren idazkera baino importantago da konstituzioaren irakurketa. Baina irakurketa Konstituzio Kontseiluaren esku dago. 1992an 2. artikulua aldatu zelarik "Frantsesa da Errepublikaren hizkuntza", Konstituzio Kontseiluak definitu zuen zer den erremu publikoa eta nork duen frantsesaren erabiltzeko eginbidea "zerbitzu publikoen banatzaileek eta erabiltzaileek". Halere legeak salbuespenak onartzen ditu adibidez herri hizkuntzen irakaskuntzan, komunikabideetan, seinaletikan, kulturgintzan, auzitegietan frantsesa ez dakitenentzat, hurbileko administrazio batzuetan elebitasun moldean. Legelariek egoera honi "tolerantzia konstituzionala" deitzen diote, salbuezpen egoera bat baita.

Zer aldatu da 2008an eskualde hizkuntzak konstituzioan sartu direlarik Frantziako ondare bezala?  75-1 artikuak ez du eskubide berririk sortzen erabiltzaileentzat ez eta ere eginbide berririk aginteentzat. Baina herri hizkuntzak hobeki begietsiak dira, erabileran onartuago, hots salbuezpenetik baimenera iragaiten da. Ez gehiago, baina ez gutiago ! Baimenkortasun zirrikitu hortarik, et maiz legearen bazterretik, eskualdeka aitzinamendu nabariak lortu dira. Kortsikan kortsikeraren irakaskuntza orokortua eta lurralde ofizialtasuna ; Alsazian irakaskuntza elebiduna alemaneraren bidez ; Bretainian jatorrizko toponimiaren erabilera eta tokiko ofizialtasuna ; Iparraldean murgil ikaskuntzaren onarpena eta hizkuntz politika publikoa. Euskal Elkargoan, hizkuntza eskumenak eta erakundeak eraikitzerakoan, han eta hemen lortu diren aitzinamenduak biltzen ahalko ditugu. Eta alderantziz kolektibo baten bidez beste eskualdeak so daude zer lortuko dugun.

UNESCO edo Europako Kontseiluaren ikuspundutik Frantziako hizkuntzak ez dira osoki zuzenbide estatus batean. Adibidez ukatzen digute "beztertu ezinezko erabilera pribatua eta publikoa". Beraz hiztunen militantzia eginbide bat da. Ohargarri da Iparraldeko aitzinamendu bakoitzaren atzetik badagoela akuilu bat, Pizkundea, Euskal Konfederazioa, Batera, Deiadar zerrenda luzea. Euskal Elkargoarekin etapa berri batean gara.