Maite UBIRIA

Valonia

Kazetariak Valoniako legebiltzarrak CETA hitzarmenean izan duen jokamoldeaz hausnartu du. Bere aburuz, eredugarria izan behako litzateke, batez ere Euskal Herriko herritarrentzat. "Valoniak mahai-gainean eman duen kolpeak, euskal herritarroi, iratzargailu gisa balio beharko litzaiguke".

Maite Ubiria iruditan.
Maite Ubiria iruditan.

Azkenaldian Ipar Amerikako bi estatu nagusiekin merkatal akordio globalak ixteko orduan natura ezberdinetako zailtasunak atxeman ditu Europako Batasunak (EB).

Lehenik Amerikako Estatu Batuak (AEB) eta Europako Batasuna arteko itun komertziala -TTIP/TAFTA akronimoekin ezagutzen duguna- borobiltzeko zailtasunak agertu ziren. Ondotik, Kanada eta EB arteko hitzarmena- bere azkeneko bertsioan CETA izenekoa- ixteko azken uneko eragozpenak.

TTIP/TAFTA negoziatzeko eta berresteko prozedurak sortu zituen kritikak eta erresistentziak nolabait gainditzeko nahian, bestelako moldea onartu zuen EBk CETA akordioa aurrera ateratzeko xede.

EBk akordioa negoziatzeko duen eskuduntza auzian eman gabe Bruselako erabakitzaileek estatu mailako legebiltzarretako eremura zabaldu zuten CETA akordioaren berrespen prozedura.

Europako Batasunak finkaturiko joko-arauari so eginez, baina bereziki bere Konstituzioak ematen duen aginduari jarraikiz, Belgikako gobernuak federazioa osatzen duten kideri luzatu zien galdera.
Zalantzarik gabe, bueltan etorritako behin-behineko erantzunak zur eta lur utzi zituen EB ko agintariak ez ezik baita Belgikako gobernu federala ere.

Krisiaren eragina, bistan da, mugatua izan da. Lehen unetik agerikoa baitzen EBko estatu kide baten parte den herrialde txiki batek ezin zuela orohar nazioarteko akordio komertzialen dinamika zapuztu… ez da, seguruenik, luzaroan CETA edo antzeko tratatua blokeatu ere.

Charles Michel buru duen exekutiboa ataka zailean jartzeaz gain, Valoniako legebiltzarrak egindako oharrak erakunde ezberdinen artean negoziazioa bultzatzeko eta konpromiso berria erdisteko balio izan du.

Goizegi da jakiteko krisiari emandako irtenbideak zer ondorioak izanen dituen Valonian bertan, are latzago CETA tratatuaren etorkizuna honen geroztik argiago edo ilunago den aurreikustea.
Izan ere, beste ikuspegi batetik, estatus politikoa zein jarduera demokratikoari erreparatuz, aztertu nahi nuke europar burokratak azken egunotan aztoratu dituen afera.

Valoniak eginiko hautuak –alde batekoa edo bestekoa izan- lehenik eta behin lurralde horrek bere herritarrengan eragina duten afera guztietan esku hartzeko duen gaitasuna agerian utzi du. Bestalde, auzi honek erakutsi du estatu demokratiko batek etengabe negoziatzen duela.
Etxera etorriko naiz kontrastearen bila. Ezinbestean.

Gurean ohikoa izan da estatus autonomikoa bezalakorik ez dagoela entzutea. Zenbatetan entzun dugu konpetentzia mailari dagokionez Alemaniako Landerren gainetik kokatzen dela EAE?  Zenbat aldiz azaldu digute, bestalde, gainerako estaturik gabeko herriek gure marko autonomikoa adibide gisara hartzen dutela?

Nafarroako eta Gasteizko legebiltzarretan onartzen diren legeen aurka behin eta berriro helegiteak ezarri dituen Estatuak egunero deusestatzen du, sarritan era bortitzean,  demokraziari buruz -eta ondorioz baita autogobernuaren inguruan- hamarkadaz hamarkada eratutako diskurtso hori.

Horregatik, orain eta hemen, nik  Europa erdialdeko herrialde txiki batek utzitako irakaspenarekin geldituko naiz. Valoniarrek bezala euskal herritarrok bi hautu baizik ez ditugula uste dudalako. Finean, edo munduari begira erabakiak hartzen ditugu herri gisara gure interesak zehaztuz eta defendatuz, gure artean behar diren akordioak bideratuz, edo munduak estatu baliogabe baten menpe dagoen lurralde ikusezin bezala tratatuko gaitu. Kasurik onenean, zeharo ustelduta dagoen zuhaitz baten adaxka adoretsu bat bezala ikusiko gaitu.

Valoniak mahai-gainean eman duen kolpeak, euskal herritarroi, iratzargailu gisa balio beharko litzaiguke: gure hizkuntza, gure gizarte zerbitzuak, gure laborantza, gure hezkuntza edo/ta osasun eredua garatzeko eta bermatzeko bidean hitza eta erabakia behar dugu berreskuratu. Ezinbestean.