Erik ETXART

Arrimua

Erik Etxartek Joseba Sarrionandiaren idatzi bat oinarritzat hartuz, "libertatia" eta zoriontasunari buruz hausnartu du. "Libertitatea" eta zoriontasunaren arteko errima batek Sarrionandiaren barne gogoeta bat islatuko luke? "Giltza orekan izan liteke, egun oroz bila gabiltzan oreka aldakorrean, inguruan dauzkagunekin batzuetan lotuz eta besteetan haiengandik urrunduz", dio Etxartek.

Erik Etxart iruditan.
Erik Etxart iruditan.

Joseba Sarrionandiak 'Hitzen ondoeza' liburu-hiztegian, hainbeste harribitxiren artean, 'arrimua' sarreran hauxe dio:

"Pierre Topet Etxahunek errima edo pundu amaieren hoskidetasunari 'arrimü' deitzion zion. Eta errimatu egiten zituen, esate baterako: 'libertatia' eta 'trixtezia' ”.

Iduri luke azaleko errimaren gibelean, beste 'zentzu' errimarik iradokitzen digula idazleak... Eta hortxe ibili naiz, Topet-Etxahunen bertset enigmatiko hori atzeman beharrez. Eta hona 'Ahaide delizius huntan' kantoreko 22. bertseta zoin den:

'Etxahun nausi famatia, galdu duk libertatia;... ;
Eta orai hir'ezin bestia, harekilan trixtezia, ...'

Ulertu duzuen bezela, Etxahunek libertaterik eza du tristeziarekin lotzen eta ez alderantziz. Ez ote digu funtsean Sarrionandiak berak bere-berea duen gogoeta bat ixurtzen: libertateak tristezia ere badakarkigukeela?

Pentsamendu modernoan, libertatea edo askatasuna ezinbestekotzat jotzen da zoriontsu bizitzeko. Baina nork ez du behin ere bere aske izatea doi bat mugatu zoriontsu izateko ideiarekin? Giltza orekan izan liteke, egun oroz bila gabiltzan oreka aldakorrean, inguruan dauzkagunekin batzuetan lotuz eta besteetan haiengandik urrunduz. Jakinez kasurik okerrenean tristeziaren ondotik zoriona berriz jinen zaigula.