Kazeta

EAJk ikasturteari hasiera eman dio elkargo bakarraren kontrako errekurtsoa salatuz

Ipar Euskal Herriko EAJk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzei buruz hitz egiteaz gain, elkargo bakarraren kontrako helegitea salatu du. Gainera, urrian antolatuko dituen bi ekimen iragarri ditu: Alderdi eta Lema Egunak.

EAJren aburuz, elkargo bakarra alderdia garatzeko aukera ona izango da. © Bob EDME
EAJren aburuz, elkargo bakarra alderdia garatzeko aukera ona izango da. © Bob EDME

Ipar Euskal Herriko EAJ alderdiak ikasturte politikoari hasiera eman dio antolatuko dituen ekimenak aurkeztuz. Agerraldia baliatu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen emaitzei buruzko iritzia plazaratzeko. Halaber, jeltzaleek elkargo bakarraren kontrako helegitea salatu dute; beren aburuz instituzio berriaren eraikuntza "arriskuan ezartzen du".

Pako Arizmendi Ipar Euskal Herriko EAJko lehendakariaren iritziz irailaren 25ean iragan hauteskundeen emaitzak "ezinhobeak" dira. Bere ustez, alderdiak aurkeztu programa "pragmatikoa" izatea lagungarria izan da. "Interesatzen gaituena egonkortasuna da", erantsi du.

Elkargo bakarraren gaiari dagokionez, EAJk hautetsi eta herritarrek osatutako elkarteak aurkeztu duen helegitearen kontra agertu da. Oroitarazi behar da Paueko auzitegi administratiboak helegiteari buruzko erabakia urriaren 3an azalduko duela.

Marielle Aurnague, abokatu eta Uharte-Garaziko hautetsiak helegitearen sinatzaileek Gidaritza batzordean parte hartzea zalantzan eman du. Maiatzaren 28an erabakitako araudia gogora ekarri du; hots parte hartzea eta errekurtso baten izenpetzea ez lirateke bateragarriak izanen. Aurnaguen ustez ez dute Ipar Euskal Herriarekiko "inongo anbiziorik".

Alderdi eta Lema Egunak

Heldu den urriaren 2an Ipar eta Hego Euskal Herriko militanteak Forondan (Gasteiz) elkartuko dira Alderdiaren Eguna ospatzeko. Halaber, urriaren 7an EAJk beste ekimen bat antolatuko du Baionan: Lema Eguna.

Ekimenean hitzaldi-eztabaida bat antolatuko dute tokiko produktuen kontsumoari buruz. "Zirkuitu motzei esker, hiriko kontsumitzaileak Ipar Euskal Herriko landa eremutik datozen produktuak eskura dezake?" galderari erantzuten entseatuko dira. Idokiko Jean Michel Berho, Euskal Herriko Laborantza Ganbarako kide den Iker Elosegi, Isabelle Capdevielle Inter-AMAP elkarteko kidea, Biharko Lurraren Elkartea eta Martin Bisauta Baionako hautetsiak ekimenean parte hartuko dute.