Kazeta

Glisseguna, lerra kiroletan ere euskaraz

Seaskak antolatzen duen Glisseguna bi asteburuetan iraganen da Angelun. Irailaren 18an gustu guzientzat zuzendu animazioak proposatuko dituzte eta irailaren 24ean, Lapurdi surf elkartearekin surf lehiaketa antolatuko dute Urrezko hondartzan.

Glisseguna irailaren 18 eta 24ean ospatuko da Angelun.
Glisseguna irailaren 18 eta 24ean ospatuko da Angelun.

Irailaren 18 eta 24ean iraganen den Glissegunak lerra kirolak ere euskal kirolak direla aldarrikatzeko baliatuko dute. Gainera, Seaskak antolatzen duen ekimen horrek aisialdietan euskararen erabilpena sustatu nahi du. Aurtengo edizioa berritasunez josia dator. Bi asteburuetako programa proposatzeaz gain, animazio berrietan parte hartzeko parada eskainiko du.

Aurtengo 18. edizioa Angeluko Skatepark gunean iragaiteaz gain, Barra, Zaldunen eta Urrezko hondartzetan iraganen da. Adin guzientzat zuzendu lehiaketak, erakustaldiak eta ikastaroak proposatuko ditu. Xedea hogei bat elkartek urtean zehar egiten duten lana erakustea da.

Urte guziz Seaskak prestatzen duen animazioetaz gain, hots surf, roller, salbamendua, hip-hop edo capoeira, aurten berrikuntzak proposatuko ditu. Skimboard ikastaroa antolatuko du; horretan egurrezko taularen erabilpena ikasi ahalko da.

Halaber, euskarazko Yoga, roller eta trotineta eta txalaparta ikastaldiak programaren barne izanen dira. Gainera, shiatsu masaiak eginen dituzte dohainik. Musikak ere bere tokia izango du egitarauan. Frikun taldeak eta Pauline eta Juliette bikotearen kontzertuak eskainiko dituzte. 

Irailaren 24ean, ekimenaren bigarren egunean, Seaskak Lapurdi surf elkartearekin batera surf lehiaketa antolatuko du. Antolatzaileek azaldu dutenez, parte hartzaileak lau sailetan banatuko dituzte: gizonak taldeka (surf eta bodyboard) eta emazteak zein 16 urte baino gutiagokoak banaka.