Iurre BIDEGAIN

Makeako herria bat eginik kabalkada-antzerkian

Makeako 140 bat herritarrek agorrilaren 28an kabalkada-antzerkia estreinatuko dute. Antzerki, dantza eta kantuak nahasiko dituen emanaldiak adin guzietako makearrak batu ditu.

Urte osoan zehar aritu dira kabalkada hori lantzen makearrak. © Bob EDME
Urte osoan zehar aritu dira kabalkada hori lantzen makearrak. © Bob EDME

Bada urte eta erdi Makeako Jostakin antzerki taldeak egitasmoa abiatu zuela. Berrogei urteko hutsune baten ondotik, herriko plazara itzuliko da kabalkada makearren bultzadari esker. Orotara, laurogei bat pertsonek ikuskizunean berean parte hartuko dute eta beste berrogeita hamar batek ikusgarriarekin lotutako beste arloetan, hots, ostatuan eta aparkalekuetan.

Ikusgarrian parte hartzen duen Menane Oxandabaratzek kontatu duenez, betidanik antzerkia presente egon da Makean. Bada bederen hogei urte Jostakin antzerki taldeak zazpi eta hemezortzi urte bitarteko gazteak euskal antzerkira hurbiltzen dituela. Haatik, "lehenagotik ere ohitura hori bizirik zegoen".

Urtero, Makeako bestak iragan baino lehen, ostegunean, taldeko antzerkilari gazteek ikusgarri bat proposatzen dute. Aurten, aldiz, horiekin batera herri oso bat arituko da taula gainean. Hamabi eta hirurogeita hamar urte bitarteko herritarrek ekimenean parte hartu nahi izan dute. "Esperientzia oso baikorra izan da. Nire kasuan, bada hogeita hamar urte Makean bizi naizela, baina kabalkada-antzerkiaren bidez denen arteko elkar ezagutza bultzatu dugu", azaldu du Oxandabaratzek.

Koordinaketarentzat parte hartzaileak hainbat lantaldetan banatu dira: dantza, antzerkia, komunikazioa eta dendariak. Hilabetero elkartu dira puntua egiteko. Emanaldiarentzat parte hartzaileek beren jantziak sortu dituzte, ehun bat jantzi guti gora-behera.

"Ongi pasa dugu"

Nahiz eta ikuskizunak jorratuko dituen gaien inguruan sorpresa gorde nahi duten, kideak "gaurko jendarteko gauzak" islatuko dituela iragarri du. "Gainera, 'Ganix' Makeako pertsonaia presente egonen da. Gazteek basoetan eta tisertetan anitzetan bere irudia islatzen dute", esplikatu du.

Menane Oxandabaratzek "antzerki talde klasikoetan" parte hartu ohi du. "Proiektu honetan plazer bat izan da antzerkilari gazteekin aritzea. Ongi pasa dugu", gehitu du.

Makearrek abuztuaren 28an, 15.30etan, eskainiko dute emaitza. Bigarren emanaldi bat antolatuko dute irailaren 3an, 21.00etan. Mementoz, ez dute beste ekimenik antolatzeko intentziorik, "salbu Ameriketan eskaintzeko gonbidapena luzatzen badigute, noski", aipatu du Oxandabaratzek irriz.

Hona hemen Kanaldudek egindako erreportaia: