Iurre BIDEGAIN
Entrevue
Patxiku Guimon
Lorentxa Guimon euskal presoaren anaia

Patxiku Guimon: "Lorentxa jendearen mobilizazioari esker aterako da"

Pariseko Dei Auzitegiko zigorren aplikazio ganbarak baldintzapeko askatasuna onartu zion Lorentxa Guimoni otsailaren 25ean. Crohn eritasuna pairatzen duen angeluarra martxoaren 1ean aske geldituko da eta “baldintza hobeekin” artamendua jasotzen ahalko du. Anaia den Patxiku Guimonek berria “poztasun handiarekin” jaso du; argi du jendearen mobilizazioa askatasunaren giltza izan dela. Ildo horretatik eskerrik beroena zabaldu du.

Patxiku Guimon, Lorentxa Guimonen anaia. ©Bob EDME
Patxiku Guimon, Lorentxa Guimonen anaia. ©Bob EDME

Zure arreba kartzelatik aterako da egun batzuk barru; berria nola jaso duzue familian?

Poztasun handiarekin. Nire izenean hitz egiten dut eta elkartasuna eskertzen dut. Nik ikusten dut kanpoko mobilizazioak sekulako arrakasta izan duela erabaki horretan; dudarik gabe. Eskertzekoa da, esker handi bat ematen diot jendeari. Nire ustez horiei esker aterako da. Ez balitz mobilizazioa egon eta isilean pasatu balitz ez dut uste aterako zenik.

Hilabete hauetan sostengu hori kolore anitzetako eragileengandik jaso du...

Dudarik gabe. Hasieratik Lorentxarekin komentatzen genuen bisitetan. Harritzen zigun euskal gizarteak erakutsi duen mobilizatzeko ahalmen hori zergatik ez den egiten euskal preso guziekin; arlo politikoa azpimarratzen dut. Berarentzat egina izan dena, zergatik ez guzientzat? Aldarrikapenari beste norabide bat emanez eta taldearen irudia azpimarratuz. Ahalmena bada. Zergatik ez den egiten? ez dakit.

Mobilizazioa giltza da?

Dudarik gabe. Emaitza ez da lortzen pieza bat galdetuz Estatu frantsesari edo espainiarrari. Ez dagokio hori euskal gizarteari. Zalantzarik gabe mobilizazioa guztien askatasuna lortzeko gakoa da. Oso gordina izango naiz baina, bizia kolokan egon behar da, bizitza galtzekotan egon behar dira kartzelatik ateratzeko? Eragile politikoek beste norabide bat har lezakete presoen izaera politikoki beren gain hartuz. Hori da bidea: mobilizazioa. Guk hori egin behar dugu. Ez itxaron, bakarrik mugitu, onartu eta aldarrikatu. Horrek asko jokatu du Lorentxaren askatasunean.

Bagoazek "sentimendu gazi-gozoa" duela azaldu du Lorentxa egoera larrian kartzelatik aterako delako. Familiak sentsazio horrekin bat egiten du?

Guk badakigu gure gurutzea bizkar gainean eraman beharko dugula eta baita Lorentxak ere. Ez dugu gazi-gozoaren gustua ahoan, alderantziz: pozik gaude. Hala ere, ez genuen batere sinisten. Ateratzen da; bale oso ondo, baina orain guri dagokigu egitea egin beharrekoa. Baldintza onetan sendatzeko egongo da edo behintzat gozatzeko; horrek dauka axola.