Iurre BIDEGAIN

Lorentxa Guimon martxoaren 1ean aske geldituko da

Prokuradoreak helegitea aurkeztu ondoren, Pariseko Dei Auzitegiko zigorren aplikazio ganbarak Lorentxa Guimonen baldintzapeko askatasuna aztertu du otsailaren 25ean. Epaileek Crohn eritasuna pairatzen duen angeluarra martxoaren 1ean aske gelditzea erabaki dute.

Lorentxa Guimon 2003tik preso dago, datozen egunetan askatuko dute.
Lorentxa Guimon 2003tik preso dago, datozen egunetan askatuko dute.

Abenduan Pariseko Dei Auzitegiko zigorren aplikazio ganbarak Crohn eritasuna pairatzen duen angeluarra askatzea onartu ondoren, prokuradoreak helegitea aurkeztu zuen. Azkenean, epaileek angeluarraren eskaera onartzea erabaki dute. Martxoaren 1ean kartzelatik aterako da.

Abokatuak otsailaren 22tik Angelun antolatu duten elkarretaratze iraunkorretik berria jakinarazi du: "Lorentxa datorren astean aske geldituko da". Azken deliberoan epaileek "lehenean baino baldintza hobeak onartu” dituztela aipatu du. "Medikalki benetako segimendu bat jasotzen ahalko du; bere familiaren ondoan artatua izaten ahalko da. Oso pozik gaude", erantsi du.

Bagoazeko bozeramailea den Emilie Martinek poztasun horrekin bat egin du. Haatik, "sentimendu gazi-gozoa" duela aitortu du. "Lorentxaren egoera txarrera joan da azken hilabeteetan; bi hilabete hauetan hiru aldiz ospitalera eraman dute", kontatu du.

Halaber, azaroaren 24ean epaileek angeluarraren baldintzapeko askatasuna onartu ondoren, prokuradoreak helegitea aurkeztu zuela oroitarazi du. "Ez dugu ahazten; mendeku politikoaren adibide argia da", esplikatu du Martinek. Kolektiboaren iritziz, albistea "lorpen bat da"; euskal presoen aldeko dinamikaren emaitza dela uste du. "Bataila honetaz indartsu ateratzen gara", nabarmendu du.

Bozeramaileak baldintzapeko askatasuna lortu dezaketen presoak aske uztea fermuki eskatu du. "Azken presoa eta iheslaria askatua izan arte lanean segituko dugu", gehitu du Emilie Martinek. Hain zuzen ere, Bagoazek apirilaren 9an Donibane Lohizunen mobilizazio berri bat antolatuko duela iragarri du.

Teresa Toda Sareko bozeramaileak hitza hartu du "besarkada bero bat bidaltzeko familia eta lagunei". "Ez genituzke horrelako albisteak jaso behar. Gaixo dauden presoek etxean egin behar diote aurre eritasunari", azaldu du Todak. Sarek "sufrimenduari ateak hetsi eta konponbideari zabaldu nahi dizkio" gaineratu du.

Aurrekariak

Lorentxa Guimon 2003tik preso dago. Angeluarrak 1991tik Crohn eritasuna pairatzen du; horrek liseriketa aparatuan eragiten dio. Bagoazek salatu duenez badira lau urte euskal presoaren egoera okertu dela. Azken bi hilabeteetan hiru aldiz ospitalera eraman dute.

2014tik Guimonek baldintzapeko askatasunaren eskaera egiteko baldintzak betetzen ditu. Ildo horretatik, bere abokatua den Maritxu Paulus Basurcok iragan urteko martxoan eskaera egitea erabaki zutela aipatu zuen. Azken horrek azaldu zuenez, bizi proiektua aurkeztu zuten eta osasun egoerari lotutako argumentuak gaineratu zituzten.

2015eko abuztuan mediku aditu batek gaixotasunaren egoeraren estimatzea egin zuen. Ikerketak Guimonek "beste eri bat bezala tratatua izateko eskubiderik ez duela" nabarmendu zuen. Abenduaren 24ean Pariseko Dei Auzitegiko zigorren aplikazio ganbarak baldintzapeko askatasuna onartu zion, baina prokuradoreak helegitea aurkeztu zuen, segidan. Bagoazen iritziz "erabaki politikoa" zen. Azkenean, Lorentxa Guimon aske geldituko da.