Kazeta

Lurra eta etxebizitza zaintzen dutenen alde kantaldi eta bazkaria

Urriaren 11an, igandez, Lurra eta Etxebizitza eta Itsasuko Herria Bai taldeek “lurra eta etxebizitza zaintzen dutenen alde” bazkari eta kantaldi bat antolatzen dituzte.

Lurra eta Etxebizitza kolektiboaren manifestaldi bat Ibarrunen. © Gaizka Iroz
Lurra eta Etxebizitza kolektiboaren manifestaldi bat Ibarrunen. © Gaizka Iroz

Urriak 11, Itsasuko Sanoki gelan igande goxo baten iragaiteko parada izanen da. Eguerditik aitzina, txaranga batek alaiturik, herriko mozkinekin egindako bazkari herrikoi bat antolatuko du Itsasuko Herria Bai taldeak. Arratsaldez, berriz, Eneko Labeguerie, Aire Ahizpak, eta Anje Duhaldek kantaldia emanen dute. Horrez gain, Guk taldeak ere bi kantu emanen ditu. Azken animazio hau Lurra eta Etxebizitzarekin batera antolatua izanen da.  

Bazkari eta kantaldirako sarrerak, hurrenez hurren, hamasei eta hamar eurotan dira. Herria Baiko Phillippe Lascarayk azaldu duenez, antolatzaile diren taldeak diru beharrean daude. Azpimarratzekoa da “Balaki trinketearen auziaren eramateko gastu garrantzitsuen ordaintzeko xedea duela egun honek”. Izan ere, hautetsiak ekitaldia “lurra eta etxebizitza zaintzen dutenen alde” antolatzen dela gaineratu du.