Iurre BIDEGAIN

Senpereko etxeen nortasuna berreskuratuko duen obra

Auxtin Zamorak Senpereko 1.900 etxeen izenak berreskuratu ditu. "Nortasuna eta aztarna" bilatzeko helburuarekin, izen horiek "Senperen, etxez etxe" liburuan bilduko ditu.

Auxtin Zamora Senpereko Amotz-Larraldea etxearen aitzinean. ©Auxtin Zamora
Auxtin Zamora Senpereko Amotz-Larraldea etxearen aitzinean. ©Auxtin Zamora

Urteak pasatu eta, etxe gehienen izenak galtzen edo aldatzen joan dira. Bilakaera hori aztertzeko, Auxtin Zamorak Senpereko etxeen izenak bildu nahi izan ditu. Mementoz, herriko 1.900 etxeen izenak biltzeaz gain, bakoitzaren berezitasun geografikoak ere ikertu ditu.

"Mundua aldatzen joaiten da. Etxe berriak eraikitzen dira, lurrak saltzen dira eta etxeen nortasuna galtzen da", aipatu du senpertarrak. Bere iritziz, urteetan zehar etxeak erostea "kontsumo" bat bilakatu da eta horren eraginez, ukitu herrikoiak galdu dira.

"Etxeen izenen ordez, zenbakiak erabiltzen dira, administratiboki erraztasunak emateko. Damugarria da", azaldu du Zamorak. Idazleak etxeen gibelean istorioa bat dagoela frogatu nahi du. Adierazi duenez, lehen, etxearen izenak bertan bizi ziren pertsonak identifikatzeko erabilgarria zen. "Etxeko izena, bertakoen bizipenekin lotzen zen", gehitu du.

Urteko bilakaera

Urteetan zehar izena bera hautatzeko modua aldatu dela nabarmendu du. Lehen toponimia anitz erabiltzen zirela esplikatu du, adibidez: "Etxeberri". "Orain denetarik erabiltzen da, poetikoak, baina baita gizarteari begira jartzen direnak ere.

Estetikoki hautatzen diren etxeen izenak badirela esplikatu du. Halaber, familiari lotutako deiturak, izen tipiak edo haurren izenak ere usu jartzen direla azaldu du.

Zamoraren arabera, ikertu dituen Senpereko etxeen izenen %90a euskaldunak dira, baina badira ere arabiarrez edo gaskoiez idatziak direnak. "Normalean kanpotik datorren erosleak, euskal izena mantendu nahi du", kontatu du.

Egindako lana oso "aberasgarria" dela nabarmendu du idazleak. "Etxeak bisitatzerakoan, familiak istorioa esplikatzen dizu. Hastapenetik jendea uros da etxearen nortasuna agerrarazteko", adierazi du.

"Senperez etxez etxe" deituko den obra osatzeko, Auxtin Zamorak herritarren kolaborazioa eskatu du. Senpereko etxeen inguruko informazioa emailez bidaltzeko deia luzatu du: olerkibilduma@sfr.fr helbidera, hain zuzen ere.