Iurre BIDEGAIN

Euskara uztariztarren eskura dago

Uztaritzeko Herriko Etxeak "Euskara zure eskura!" izenburua duen esku orria sortu du. Euskarriak, sei aukeren bidez euskara ikasteko bideak aurkezten ditu.

Herriko Etxeak sortutako eskuorriak euskara ikasteko sei bide proposatzen ditu. Herriko Etxeak sortutako eskuorriak euskara ikasteko sei bide proposatzen ditu. Argazkia Bob EDME.
Herriko Etxeak sortutako eskuorriak euskara ikasteko sei bide proposatzen ditu. Herriko Etxeak sortutako eskuorriak euskara ikasteko sei bide proposatzen ditu. Argazkia Bob EDME.

"Euskararen geroa denen esku dagoela erakutsi nahi dugu. Ez da genetikoki transmititzen eta gure hizkuntzaren biziraupena denen ardura da", argitu du Uztaritzeko Herriko Etxeko hautetsia eta Hizkuntza Politikaren arduraduna If Machicotek. Helburu horretara ailegatzeko, Herriko Etxeak "Euskara zure eskura!" izenburupean esku orri bat argitaratu du.

Uztaritzek euskararen aldeko hizkuntza politika gauzatzeko urrats berriak egiten ditu. Hala, herritarrei euskara ikasteko bideak aurkezten dizkien esku orria sortzea erabaki du. Norberak dituen baldintzak kontutan harturik, hizkuntza ikasteko edo hobetzeko sei zerbitzu proposatzen ditu.

Alde batetik, Gau eskolen adibidea ematen du; Uztaritzen euskara ikasteko egitura dago. Halaber, beste motatako "zailtasunak" dituzten pertsonei auto ikasketaren bidea proposatzen die. "Kuxkuxeatuz, euskara ikasteko doako zerbitzu anitz badela ohartu gira", gehitu du hautetsiak. Horietaz gain, Gure Irratiak edo Radio Kulturak haien programen bidez, parada hori eskaintzen dute.

Euskara ikasteko burtsak

Bestalde, esku orriak barnetegien posibilitatea aipatzen du; bai AEKk antolatzen dituen egonaldiak, baita Maizpiden egiten direnak ere. Bide horretan murgiltzeko, Uztaritzeko Herriko Etxeak eskuratzen ahal diren burtsak aurkezten ditu. "Errobi herri elkargoak, baldintzak betetzen dituenarentzat, bekak eskaintzen ditu gaueko kurtsoentzat. Gaur egun, barnetegietarako laguntza bat emaitea pentsatzen ari gira", azaldu du. 

"Mintzanet.net" zerbitzuak euskara dakienari, hizkuntza hobetzeko parada proposatzen dio. Uztaritzek Tolosarekin (Gipuzkoa) duen senidetzari esker, zerbitzu hunen bidez, toki batek herritar batek beste toki batetakoarekin hitz egiten ahal du; beti ere euskaraz. Azkenik, herriko mediatekan duten fondoa garatzea erabaki du Herriko Etxeak. Horretarako, berriki, hainbat aldizkaritan harpidetzak abiatzea erabaki du; horien artean Gazte Zulo eta Euskal Memoria.

Herriko Etxeak esku orri hori besten karietara banatzen hasi da, uztailan. Sartzeari begira, sektore sozio-ekonomikoetan hedatu nahi dute. "Oztopoen gainetik, Uztaritzeko Herriko Etxean euskararen ofizialtasuna presente da. Ahalik eta indar gehien bilduko dugu gure helburura ailegatzeko", erran du Machicotek.