Kazeta

Euskal literatura hedatzeko nazioarteko itzultzaileak hautatu dituzte

Donostia 2016 egiturak eta Etxepare Institutuak "Itzultzaile berriak" proiektuaren baitan, nazioarteko zortzi itzultzaile hautatu dituzte. Horiei esker euskal literatura Bulgaria, Polonia edo Errusia bezalako herrietara hedatuko da.

Hautatu dituzten itzultzaileek sei eta hilabete bateko egonaldiak eginen dituzte. ©Etxepare
Hautatu dituzten itzultzaileek sei eta hilabete bateko egonaldiak eginen dituzte. ©Etxepare

Apirilean, Donostia 2016k eta Etxepare Euskal Institutuak, Eizie-ren laguntzarekin batera, “Itzultzaile berriak” proiektuarentzat nazioarteko itzultzaileak bilatzen zituztela adierazi zuten. Helburua: euskal literatura mundura hedatu. Uztailaren 20ean ideian parte hartuko duten zortzi itzultzaile europarrak aukeratu dituztela iragarri dute.

Hautatuak izan diren pertsonek egonaldi luzea (6 hilabete) eginen dute Euskal Herrian. Denbora horretan euskara ikasteko ikastaro bat eginen dute eta gisa horretan euskal literaturako lan bat beren ama-hizkuntzara itzultzen ahalko dute.

Egonaldi luzearentzat honakoak dira hautatu dituzten lau itzultzaileak: Laura Liubinavicivte (Lituania), Mariya Petrova Patxkova (Bulgaria), Barbara Pregelj (Eslovenia) eta Katarzyna Sosnowska (Polonia).

Halaber, egonaldi laburra (hilabetekoa) Merilin Kotta (Estonia), Karina Mistxenkova (Errusia), Lenka Niznanska (Txekiar Errepublika) eta Matylda Figlerowiczek (Polonia) eginen dute.