Jon GARMENDIA

Chedid familiak zentzuz bete zuen Big Festivaleko agertokia

Libano eta Egiptoko jatorria duten arren, Chedid familia biziki ezaguna da Estatu frantsesean, diziplina anitzetan nabarmendu diren artistez osatutako senitartea baita. Talentu handiko poetak, margolariak, idazleak eta musikariak sortu dira abizen horren abaroan.

Chedid familiaren kontzertua, larubatean Big Festivalen. (Laura MINER)
Chedid familiaren kontzertua, larubatean Big Festivalen. (Laura MINER)

Louis Chedid abeslari eta zinema sortzailearen lau seme-alabek hartu dute testigua azken garaietan, Emile, Joseph, Matthieu “M” eta ttipienak, Annak, artistikoki Nach deitzen dutenak. Azken hirurak aitarekin batera antzokiz antzoki sold out txartela eskegi dute eta horien ikuskizunaren zain anitz jende dago, diskoaren zain bezala, irailean argitaratuko dutena. 17 urteko aldea dute anai-arrebek beren artean, sekulako konexioa, eta aitarekin batera indarra zuzenekoan; gitarra eskuz esku pasatzen dute, denek kantatzen dute ongi, eta une oro erritmo erakargarriak sortzeko gai dira, inprobisatzeko. Laurak gogotsu agertu ziren Agileran larunbatean, anitzen ustez Big Festivaleko emankizunik ederrena eskaintzeko. Annak pianoa jotzen zuen bitartean banan-banan aurkeztu zituen familiakoak eta emanaldiaren erdian eroritako euri jasak ere ez zuen taldearen ikuskizuna geldiarazi. Amona Andree Chedid zuten, poeta handia, eta haren eragina nabari da beren kantuen hitzetan, sakonak direlako, eta figura erretorikoz jositako pasarteekin publikoari bidaia eder bat eskaintzen diote. Bestetik, musika dago, ahotsaren indarrarekin landutako beat box anitz, rai iturburuko kantuak, ekialdeko musikaren ukituko doinuak, bluesa eta soula, erritmo lasai eta azkarren nahasketa, baita flamenkoa eta chanson française ere; ikuskizun bat bere osotasunean. Beren ”Paranoia” kantuak ederki laburbiltzen du zein heinetaraino nahasten dituzten erritmoak. Bestalde, Louis aitari egindako keinuak nonahi, Josephek “Le danseur mondain” kantatu zuenean adibidez edo Matthieuk “Verre de terre”.

Larunbateko kontzertua Ella Foy hirukoteak hasi zuen, eta beren folk eta blues musikak aitzinean etorkizun polita duela erakutsi zuen. Jaialdiko lorbidea ukan zuten, eta sari gisa aritu ziren oraino erdi hutsik zen Agileran, gerora ederki bete bazen ere, publiko gehiena Selah Sue belgikarra ikusteko desirarekin bertaratua. Baina ez zuen oihartzun handiegirik ukan, agian “Reason” bere azken disko atera berriko abestiekin bete zuelako kontzertuaren zatirik handiena eta zaleek “Selah Sue” lehen disko luze arrakastatsuko abestiak espero zituztelako gehiago. Bere aitzinetik jo zuen Hyphen Hyphen taldearen rock-and-rollak, ordea, publikoa dantzan jartzea lortu zuen. Gazte anitzek zeukaten aurpegia margotua taldeko kantari Santa horailak bezala, eta harekin duten komunikazio ona behin baino gehiago agertu zen kontzertuan zehar. Line, Adam eta Zaccharie dira Nizako taldea osatzen duten beste kideak, elektro-rock berezi eta dantzagarria egiten dutenak. Bukaera apoteosiko batekin eman zioten emanaldiari amaiera, Santak segurtasun barrera hautsi eta bere zaleekin batera kantatuz amaitu baitzuen. Gaualdiko dezepzioa Fakear izan zen, musika elektronikoaren agertokian izena egin duen frantziar gazteak ezin izan zuen Genevatik ekarriko zuen hegaldia hartu eta antolatzaileek barkamena eskatu zuten pantailan idatzitako mezuen bidez.