Argitxu DUFAU

Etchebestia eraikinaren inguruko deliberoa azaroaren 2an jakinen da

Ekainaren 29an Ortzaizeko Etchebestiaren inguruko auzialdi berri bat iragan da. Eraikinaren inguruko deliberoa heldu den azaroaren 2an plazaratuko dute.

 

Herritar multzo bat Grazi Etchebehereren alde agertu da. Argazkia Bob EDME.
Herritar multzo bat Grazi Etchebehereren alde agertu da. Argazkia Bob EDME.

Ekainaren 29an, astelehenarekin, Ortzaizeko Etchebestia eraikinaren inguruko auzialdi berri bat iragan da Baionako epaitegietan. Eraikinaren etorkizuna jokoan da. Epaitegiak erabakia heldu den azaroaren 2an argitaratuko duela azaldu du. Salaketa jarri duen Grazi Etchebeherek defentsaren argudioetan aldaketa bat nabaritu du.

Etchebeherek Garbi elkarteak hartutako erabakiaren kontra jo du, hain zuzen ere, kide batzuek eraikina Baionako diozesari eman nahi diotelako. Etchebehereren arabera, elkartearen abokatuek "dohaitzaren printzipioa" bozkatu zutela defendatu dute aldi honetan eta ez hainbeste emaitza gauzatzea. Herritar multzo bat helburu horren kontra agertu da eta Etchebehereri sostengua adierazi dio.

Gaiaren inguruko lehen auzialdia martxoan iragan zen eta epaileak erantzuna apirilaren 13rako argitaratu behar zuen. Kontra diren bi aldeak epaitegietara berriz deitu zituen elementu bat falta zelako: 2012ko maiatzaren 12ko biltzar nagusiko bilduma; horrek "dohaintzaren printzipioaren" erabakia agerian uzten zuen.