Kazeta

Hazketaren inguruko zine-eztabaida gaualdia

Maiatzaren 11an, Hazketa 2010 elkarteak zine-eztabaida gaualdi baten bidez hondakindegiaren inguruko informazioa eskainiko du. Hitzorduan, Gipuzkoako "Zero hondakin" politikaren arduradunek parte hartuko dute.

Hazketa 2010 elkarteak kamioiak kontrolatu zituen. Argazkia Isabelle Miquelestorena.
Hazketa 2010 elkarteak kamioiak kontrolatu zituen. Argazkia Isabelle Miquelestorena.

Hazketa hondakindegia ireki zenetik, Hazketa 2010 elkarteak gaiaren inguruko sentsibilizazio kanpaina bat aitzina eramaiten du. Herritarrei gaiari buruzko informazio gehiago helarazteko, maiatzaren 11an Hazparnen zine-eztabaida gaualdi bat antolatuko du. Hitzordua 20.30etan Haritz Barne salan iraganen da.

"Hazparnen bizi kalitate on baten alde lan egiten dugu. Guk eta gure haurrek ingurumen egoki batean handitzeko", adierazi du elkarteak. Hondakindegiaren eraginaz informatzeko, Hazparnen antolatutako zine-eztabaida gaualdian "Super Trash" dokumentala eskainiko da.

Dokumental horrek Gipuzkoako "Zero hondakin" politikaren inguruko informazioa islatzen du. Arlo horretako arduradunek Hazketa 2010 elkarteak antolatutako hitzorduan parte hartuko dute.

Proiekzioaren ondotik, publikoarekin eztabaida bat irekiko da: "hondakindegien lurperatze horren gibelean zer gordetzen digute? zergatik Hazketa maiatzaren 29an hetsi behar da? Beste aterabideak posible dira".

Elkarteak sentsibilizazio bilkurak antolatzeko prest dela iragarri du. Hau da, informazio guneak, filmak edo eztabaidak.