Kazeta

Euskaraz bizitzeko aldarrikapena eginen duen mendi ateraldia

Maiatzaren 9an, Sarako Gaztetxeak, Olhain ikastolak, Har Hitza elkarteak eta Euskal Herrian Euskarazek, Saratik Larrunera joanen den mendi ateraldia antolatu dute.

Maiatzaren 9an "Urrats gaua" antolatuko da Sarako Gaztetxean. ©EHE
Maiatzaren 9an "Urrats gaua" antolatuko da Sarako Gaztetxean. ©EHE

Maiatzaren 9an "Muga guztien gainetik, euskaraz bizi!" lelopean, Sarako Gaztetxeak, Olhain ikastolak, Har Hitza elkarteak eta Euskal Herrian Euskarazek ateraldi bat antolatu dute. Saratik Larrunera ibiliko den mendi ibilaldiaz gain, euskaraz bizitzeko aldarrikapena islatuko duten aktibitateak prestatu dituzte.

"Euskaraz bizitzeko hautuari eutsiko diogula adieraziko dugu, muga, zailtasun eta oztopo guzien gainetik", aurkeztu du Euskal Herrian Euskarazek. Bere iritziz, euskaraz bizitzeko atzemaiten diren zailtasunak anitzak dira.

Hain zuzen ere, 1850. urteko Falloux legeak ikastoletan izan dituen eraginak gogoratzeaz gain, "ikasketak euskaraz bukatu edota Baxoa euskaraz pasatzea ezinezkoa" dela salatu du. "Gaur, oraindik orain, gure herrietako paisaia linguistikoan erdara da nagusi".

EHE-ren arabera, gutxiagotze estrategiek ez dute gogoa makurtuko. "Alde egotea ez baita aski, gurekin batera euskararen alde egotetik euskararen alde egitera mugiarazi nahi ditugu herritarrak, norbanakoak eta taldeak, enpresak, elkarteak eta erakundeak, erdaldun, euskaldun eta euskaltzaleak".

"Urrats gaua"

Larunbatean, 09.00etan, ateraldia Sarako plazatik aterako da. Mendi tontorrean, 12.30ak aldera, ekitaldi bat antolatuko da eta ondotik Sarara itzuliko dira. 14.30etan bazkaria izanen da eta gero musika doinuak, herri jokoak eta pilota partidak antolatuko dira. Halaber, gauean, "Urrats gaua" Gaztetxean ospatuko da eta bertan Kalera, Dama eta Itziarren Semeak taldeek kontzertuak eskainiko dituzte.