Jon GARMENDIA
Entrevue
Eneko Bidegain
MONDRAGON UNIBERTSITATEKO IRAKASLEA

"Munduko historia Euskal Herriko ikuspegitik kondatzea beharrezkoa iruditzen zait"

Mondragon Unibertsitateko irakaslea izateaz gain, genero literario askotan aritu izan da Eneko Bidegain, sorkuntza eta ikerkuntza lanetan murgildua beti. Haur literatura eta nobela landuak ditu lehenago, eta azkenaldian ikerketak garatzen ditu. Horren karietara aurkeztu zuen bere azken liburua Sarako Idazleen Biltzarrean: «Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria».

Eneko Bidegain (© KAZETA.EUS)
Eneko Bidegain (© KAZETA.EUS)

Gerra Handia deitzen duten Lehen Mundu Gerrari buruz idatzi du bere azken liburua Eneko Bidegainek (Baiona 1975), eta atzo Saran aurkeztu zuen Mondragon Unibertsitateko irakasleak.

«Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria» liburua zer agertzera dator?

Liburu honetan azaldu nahi izan da nola bizi izan zen Lehen Mundu Gerra Euskal Herriko ikuspegitik. Hiru atal nagusi dauzka. Lehen atalak aipatzen du gerraren aitzineko garaia, gerra zein testuingurutan lehertu zen ulertzeko. Funtsean, horri garrantzia eman nahi izan diot, gerraren arrazoi eta ondorio politiko eta sozialak direlako interesgarrienak iruditzen zaizkidanak. Euskal Herritik ikusiz, garrantzitsua da ulertzea zein izan zen Frantziaren politika, bere nazio sentimendua herritarren artean errotzeko, Europako testuinguruan. Hots, nolako frantseste prozesua sortu zuen eta Euskal Herriak nola bizi izan zuen. Bigarren atalak gerra bera kontatzen du, baina arreta jarriz euskaldunek bizi izan zituzten guduetan, nahiz eta ez naizen horretara mugatu, Euskal Herriko bizitza (Iparraldekoa zein Hegoaldekoa) ere aintzat hartuta. Hirugarren atalak aipatzen ditu gerraren ondorioak. Euskal Herrian zenbat hildako izan zen aipatzen da, herriz herri, hilabetez hilabete, lekuz leku. Halaber, liburuaren hari nagusiari jarraituz, gerrak izan zituen ondorio politiko edo sozialak aipatzen dira, Ipar Euskal Herriaren frantseste prozesuaren aldetik. Atal batean Europako eta Asia mendebaldeko estaturik gabeko herrien egoera ere azaltzen da, gerratik landa, arreta jarriz Kurdistanen, Armenian, bai eta Palestinan ere.

Zergatik gai hau, eta nola izan da lanketa?

Lehen Mundu Gerraz anitz idatzi da, eta mendeurrenaren harira liburu anitz aterako zirela aurreikus zitekeen. Haatik, Euskal Herriko ikuspegitik (are gehiago ikuspegi politikotik) ez dago liburu anitz, eta are gutxiago euskaraz. Liburua idatzi nahi izan dut munduko historiako atal nagusi bat euskaraz ere kontatzea beharrezkoa dela iruditzen zaidalako, eta kontatzen hasterakoan, Euskal Herriko ikuspegitik kontatzea beharrezkoa iruditzen zitzaidalako.

Nire doktore tesiaren gaia izan zen “Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekarian”, eta tesi hori aurrera eramatean, testuinguratze lan bat egin behar zen, hainbat datu bildu… Iturriak hauek izan dira: beste argitalpenak, Paueko eta Vincennes-eko artxiboak, Interneteko artxiboak, garai hartako prentsa…

«Azken agurraren negarra» abestiarekin kantatu zigun Gorka Knorrek «Morts pour la patrie, eskuaraz baizik etzakiten haiek, morts pour la patrie». Zer du egiazko?

Euskaldunek ez zekiten frantses anitz, baina ikasten ari ziren, XIX. mende bukaeratik frantses eskolara joatea derrigorrezkoa baitzen. Beharbada badira kasu errealak, frantsesik ez jakin arren gerra egin zutenenak, baina ez dute hori baieztatzen duen dokumenturik aurkitu. Kantua, dena den, zoragarria da, poesia handia du. Eta ahapaldi hau ikaragarria da: «Bere ama agurtu du, etxolako atarian, bere amak bisitatuko du atzerriko hilobian». Hori da errealitatea, milaka hilobi daude gerra izan zen tokietan, euskaldunen izen-abizenekin.

Espainia neutrala zen gerra hartan; beraz, Hegoaldeko euskaldunen parte hartzerik izan zen? Iparraldekoen artean uko egin zionik ? Intsumisorik?

Hego Euskal Herriko euskaldunek ez zuten gerran parte hartu, salbu boluntario gisa Atzerritarren Legioan sartu ziren 300 bat euskaldunek. Ipar Euskal Herriko soldaduen zati aski handi batek ez zuen gerran parte hartu, zenbait mila pertsona intsumisoak zirelako. Intsumisoak ziren ez baitziren soldaduskara agertu, gehienek emigratu egin zutelako, aitzineko 30 urteetan. Gerra lehertu ondoren, eta lehen atseden asteak ematen hasi zirenean, mendialdean bizi ziren asko ez ziren gerrara itzuli: horiek desertoreak ziren.

Aipatu izan duzu Lehen Mundu Gerran hasi zela frantsesten Iparraldea. Zer dela eta ?

Prozesu hori ez zen gerrarekin hasi, eta ez zen gerrarekin bukatu ere. Aitzineko hamarkadetan, Frantziak lan ideologiko izugarria egin zuen jendea frantses senti zedin. Gerra garaian, euskaldunek gerra egin zuten frantsesekin, korsikarrekin eta bretainiarrekin batera, armada berean, eta etsai beraren aurka. Odola isuri zuten. Eta une hartan, etengabe azpimarratzen zen bizia eman zutela herriaren alde. Odolaren bidez frantsesago sentitu ziren. Badago dimentsio psikologiko handia horren gibelean. Eta gerra bukatu ondoren, besteak beste. hilen monumentuen bidez, frantses izaera hori are gehiago azpimarratu zen.