Maiatzaren 3an Biarritzen, 09.00etatik 14.00ak arte, laborantza herrikoiak hitzordu bat du. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak, Idoki etxe ekoizleen elkartearekin eta BLE laborantza biologikoaren elkartearekin merkatu bat antolatu dute. Ipar Euskal Herriko hogei laborariek beren produktuak Harispe karrikan salduko dituzte eta horretaz gain, beren animaliak eramanen dituzte.
Sagar jusa, ozpina, gasna, erreximentak edo bixkotxak. Igande huntan Biarritzen iraganen den hitzorduak "kalitatezko desmartxan engaiatuak diren ekoizleen" produktuak proposatuko ditu. Besteak beste, Ossau-Irati AOP ardi gasna edo Kintoa Euskal Xerriaren haragiak eskuratzen ahalko dira.
Horretaz gain, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak "laborantza iraunkor baten alde lantzen dituen sailak" aurkeztuko ditu. Egunean zehar Biarritzeko auzoan ikusten ahalko diren joaldun, txaranga edo danborradei esker giro alaitsua garaile izanen da.