Argitxu DUFAU

Dassault enpresako langileak soldaten negoziaketaren kontra

Beste behin ere, Angeluko Dassault enpresako langileak soldaten negoziaketaren kontra mobilizatu dira. Nahiz eta enpresaren lan kopurua emendatzen den, buruzagiek soldatak blokatzen dituzte eta ez dute lanpostu berririk sortu nahi.

Apirilaren 21ean iragandako mobilizazioa. ©Isabelle Miquelestorena.
Apirilaren 21ean iragandako mobilizazioa. ©Isabelle Miquelestorena.

Angeluko Dassault enpresako langileak beste behin ere mobilizatu dira apirilaren 21ean. Iragan astean, 06.00etatik 10.00etara enpresa blokatu zuten eta gaur, apirilaren 21ean bide berdina segitu dute. CGTren idazkaria den Christophe Bressék 300 bat langile enpresaren jarreraren kontra oldartu direla zehaztu du. Mobilizaziora hurbildutakoak enpresak burututako negoziaketen kontra adierazi dira.

"Gaurko mobilizazioa ongi segitua izan da, kontent gira", zehaztu du Bressék. Dassault enpresak aeronautikari lotutako materiala ekoizten du. Gaur egun, Egipto, India eta Malasiara ekoizten du. Bezeroen zerrenda emendatzen da, baina idazkariak ez dela "soldaten eta lanpostuen kopurua handitzen" salatu du.

Hain zuzen ere, apirilaren 21an soldaten negoziaketa bukatu da eta Bressék langileak "email baten bidez" abisatuak izan direla azpimarratu du. Bere hitzen arabera, alde batetik, "koadro ez" diren langileek %0aren igoera jasoko dute; aldiz, "emendatze indibidualean", kasuz kasu aztertutakoak, %1.4ko igoera izanen dute. Bestalde, "koadroa" direnek orokorrean %0aren igoera lortuko dute eta "emendatze indibidualean" %1.7koa.

Lan emendatzea

Christophe Bressék Dassault enpresa Egiptora fabrikatzen hasi dela adierazi du. Baina lanaren emendatze horrek ez ditu lanpostuak sortuko. "Gure ustez, egoera huntan lanpostu berriak sortzea herritarraren betebehar bat da", aldarrikatu du idazkariak. Halaber, bere iritziz "jarrera horrek du enpresa arriskuan ezarriko".

Apirilaren 22an, Parisen sindikatuko elkartearekin bilkura berri bat iraganen da. Christophe Bressék mobilizazio gehiago eginen direla iragarri du. Baina, Angeluko langileen helburua "mobilizazio komunak" egitea da. Hau da, Dassault enpresa anitzetan.