Argitxu DUFAU

"Euskokart": Euskoaren txartela irudiaren bila

Apirilaren 18an Euskal Monetaren Biltzar Nagusia iragan da Uztaritzen. Bertara hurbildutako kideek, besteak beste, elkarteak martxan jarri duen proiektu berriari buruz eztabaidatu dute: euskoarekin ordaintzeko txartela. Biltzarrean "Euskokart" deituko dela bozkatu dute; orain irudia falta zaio.

Kideek "Euskokart" txartelarentzat bost diseinu hautatu dituzte. ©Céline Bouery
Kideek "Euskokart" txartelarentzat bost diseinu hautatu dituzte. ©Céline Bouery

Urtero bezala, Euskal Moneta elkarteak bere Biltzar Nagusia ospatu du. Uztaritzen apirilaren 18an ospatutako hitzorduan, partaideek 2014. urteko bilana egiteaz gain, etorkizunari begiratu diote heldu diren proiektuak aipatzeko. Horien artean: eusko monetaren bilakaera numerikoa.

Euskal monetak geroz eta aitzina pausu gehiago emaiten ditu eta bidean aitzindaria izaiten ari dela azpimarratzekoa da. Hain zuzen ere, papera eta numerikoa izanen den lehen tokiko moneta izan daiteke. Ordainketak "Euskokart" karta berriari esker eginen dira. Kideek biltzarrean euskarri berriaren izena hautatu dute. Gaineratzekoa da elkartearen kide kopurua geroz eta handiagoa dela; larunbatean 67 zeuden.

Orain "Euskokart" txartelak irudia bilatzen du. Azken hitzorduan kideek bost diseinu hautatu dituzte eta orain apirilaren 30a arte dute gehien gustukoena bozkatzeko. Euskal Monetaren elkartekoek maiatzaren 10ean Herri Urratsen diseinu irabazlea erakutsiko dutela iragarri dute.

Etorkizunari begira

Apirilaren 22an, numerikoaren bidean, Euskal Monetako kideek pausu berri bat emanen dute. Proiektu berria aurkezteko helburuarekin, Banku Frantsesaren ACPR ("Aurotité de Contrôle Prudentiel et de Résolution") taldearekin bilkura bat antolatu dute. Hitzordu hori euskal monetarentzat erabakigarria izanen da.

"Pentsatzen dugu bide onean girela, gauza seriosak egiten ditugula frogatu dugu", Dante Edme-Sanjurjo, elkarteko lehendakari ordeak adierazi du. Beste moneta batek numerikora pasatzeko proiektua du, baina ez du paperezko euskarria proposatzen. "Biak proposatzeko lehenak izanen gira, beste monetei bidea irekiko diegu; sistema guztiak pentsatu ditugu", gehitu du.