Iurre BIDEGAIN

Errobi artamendu zentroa sostengatzeko topaketa

Itsasuko artamendu zentroko langileek inguruko hautetsiekin topaketa bat antolatu dute, apirilaren 24an. Errobi zentroaren inguruan kontraesanak eta zalantzak baizik ez direla adierazi dute eta horregatik "argitasuna" aldarrikatzeaz gain, populakuntza eta agintarien sostengua eskatu dute.

Errobi zentroko langileak apirilean etxean egoiteko pagatuak dira. ©Isabelle Miquelestorena.
Errobi zentroko langileak apirilean etxean egoiteko pagatuak dira. ©Isabelle Miquelestorena.

Errobi zentroan lan egiten duten 44 langileek "gauzak argiki esplikatzea" galdegin diote zuzendaritzari. Apirila osoan etxean egoiteko pagatuak direnek etorkizuna ilun ikusten dute, eta Itsasuko artamendu zentroaren inguruko zalantzak argitzea nahi dute. Apirilaren 24an Itsasu eta Kanboko auzapezek langileek antolatutako topaketan parte hartuko dute. Horietaz gain, Sylviane Alaux diputatua eta Eskualdeko Osasun Agentziak egoeraren inguruan eztabaidatuko dute.

Oihuak eta sirenak entzun dira apirilaren 20an Itsasuko artamendu zentroan. Langileak bertara hurbildu dira, beste behin ere, beren egoera salatzeko eta aferaren inguruan "argitasuna" aldarrikatzeko. Pankartaz inguratuta, CGTeko langileen ordezkaria den Sandrine Dupeyronek artamendu zentroaren inguruan "kontraesanak eta zalantzak" badirela azpimarratu du. Gainera, apirilaren 27a arte ez direla zuzendaritzarekin bilduko iragarri du. "Gure igurikatzeak segitzen du eta egoera hunek akitzen gaitu", esplikatu du ordezkariak.

Alde batetik, apirilaren 14an Parisen izandako bilkura batean Eritasunen Osasun Kutxa Nazionalak zentroa irekia mantentzeko borondatea adierazi du. CNAMTSaren (Soldatadunen Eritasunen Asurantzako Kutxa Nazionalak) zuzendaria den Revel jaunak heldu diren sei hilabeteetan aktibitatea ziurtatzeko medikuak lortzeko engaiamendua hartu du. 

Haatik, apirilaren 17an Bordelen izandako beste hitzordu batean, UGECAMek segida hartuko duen enpresa baten bila ari direla adierazi du. Horretaz gain, langileei maiatzaren 1ean martxan jarriko den langabezia teknikoaren prozedura aurkeztu die. Hau hiru hilabetez luzatuko litzateke eta, bitartean, langileek formakuntzak jasotzen ahalko lituzkete.

Egun osoko topaketa

Sylviane Alaux diputatua apirilaren 20an Itsasun iragan den hitzordura hurbildu da. Errobiko afera hasi denetik diputatuak bere sostengua adierazi die eta zonaldean "osasun beharra" dagoela hasieratik argiki adierazi du. "Osasunaren desertifikazioren kontra borrokatzen dugu eta bitartean hori sortzen ari gira", gehitu du. 

Diputatuak zentroarentzat beste orientazio bat nahi dutela uste du eta bere iritziz "oheen izaera, dagoen bezala mantendu behar da". "Langileen ondoan segitzeko", diputatuak apirilaren 24an 10.30etan antolatutako hitzorduan ere parte hartuko du.

Egunean zehar iraunen duen topaketan inguruko hautetsiek egoeraren berri emanen dute eta langileen ordezkariek zentroaren inguruko zalantzak argituko dituzte. Azken hauek, komunikabide, senatari, kontseilari eta populakuntza guztiari hitzordura hurbiltzeko deia luzatu diete.