Arantxa MANTEROLA

Eurohiriko elkarbizitzari buruzko gogoetak gazteen eskutik

Eusko Ikaskuntzaren gerizpean, 22 gazteez osatutako talde batek Baiona-Donostia Euskal Eurohiriaren eremuan geroaz eta elkarbizitzaz hausnarketa eta diagnosia egin ditu. Ekarpen zehatzak ere mahaigaineratu ditu, erakundeek ez ezik gizarteak ere eragile beharko lukeela adierazita.

Eusko ikaskuntzak Hendaian eskainitako prentsaurrekoa. ©Bob Edme
Eusko ikaskuntzak Hendaian eskainitako prentsaurrekoa. ©Bob Edme

Baiona eta Donostia arteko eremuko Euskal Eurohiria ardatz hartuta, Ipar zein Hego Euskal Herriko 22 neska-mutilez osatutako Gazte Foroa sei hilabetez aritu da gogoetatzen eta eztabaidatzen. Eraikitzen ari den euskal metropoliak eskain ditzakeen aukerak baina baita bide horretan dauden traba eta zailtasunak ere aztertu dituzte gazteen ikuspegitik.

Akitania-Euskadi Euroeskualdeko diru-laguntzak baliatuz, Eusko Ikaskuntzaren gidaritzapeko eta Euskal Eurohiriaren Agentziak, Lakuako Gazteria zuzendaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak babestutako ekimena izan da. Hausnarketa prozesuan, gainera, gazteok batzorde zientifiko baten laguntza eta hainbat adituren aholkularitza ere izan dute.

Errealitatea ezagutzeko eta alde batekoen zein bestekoen parekotasunak eta desberdintasunak zehaztu dituzte egindako diagnosian, aurreiritziak eta topikoak baztertu gabe.

Eurohiriaz zer pentsatzen duten ere hizpide izan dute. Hala, indarguneen artean nortasun komuna duela, etorkizunerako aukerak eskaintzen dituela eta hizkuntza eta kultura bera partekatzen duela aipatzen dute. Ahulguneen artean, berriz, erakundeen konplexutasuna, eskumen urritasuna, elkar ulertzerik eza eta hizkuntza zailtasunak eta Eurohiriaz eta «euskal kontzeptuaren» gaineko ikuspegi desberdinak jaso dituzte.

Aukerak eta mehatxuak

Bide beretik, aukerak eta mehatxuak identifikatu dituzte. Lehenen artean, «mugaz gaindiko» aferekiko interesa handitzen ari dela, garapen ekonomikorako lagungarri izan daitekeela, balio berriak dituzten belaunaldi berriak ukitzen dituztela eta 2014-2020 europar estrategiaren baitan kokatzen direla. Bigarrenetan, baliabide ekonomiko edo erabakiak hartzeko eskumen eskasia, egitasmoak instituzioen artean soilik geratzeko arriskua eta gizartearen eszeptizismoa negatibotzat dituzte.

Gai zehatzen arabera ere jorratu dute gaia. Enpresen arteko lankidetza eta enplegua hedatzeko egun dauden oztopo administratibo, fiskal edo hezkuntza mailakoak gainditzeko bidean jartzeko beharra nabarmendu dute, kontzientziazioa eta harremanak sustatzearekin batera. Hizkuntzen alorrean, lurraldeko hiru hizkuntzak –euskara, gaztelania eta frantsesa– ikasteko premia; komunikabideetan, «mugaz bi aldeetako» informazioa lantzeko beharra; eta garraioan, mugikortasunean eta kultura lankidetzan ezinbestean sakontzeko beharra azpimarratu dute, atzo goizean Hendaian eta arratsaldean Irunen aurkeztutako azterketan.

Horrez gain, zehaztapen handiz lau egitasmo ere landu ditu Gazte Foroak: Eurohiria Bizi elkartea sortzea hiritarrek proiektua beren egin dezaten; Hiritruke.eus webgunea abian jartzea, kultura, aisia eta kirol alorrak jorratzeko; Transhiria, mugikortasunerako sare intermodala eta Euskal Herriko Label-A lurraldeko marka garatzea.