Kazeta

Euskoak Bidarten aldagune berri bat du

Apirilaren 25ean Euskal Monetak Bidarten kokatuko den aldagune berri bat estreinatuko duela iragarri du. Apirilaren 18an elkarteak Uztaritzen bere biltzar nagusia ospatuko du. Besteak beste, 2015erako pentsatutako proiektuak aurkezteaz gain, ordaintze txartelarentzat aurkeztutako diseinuak erakutsiko dira.

Biltzar nagusian kideek ordaintzeko txartelaren izena hautatuko dute.
Biltzar nagusian kideek ordaintzeko txartelaren izena hautatuko dute.

Euskal Monetaren proiektuak aitzina pausuak emaiten ditu. 2015an ordaintze txartela martxan jartzeaz gain, aldagune bulegoen zerrenda emendatzen ari da. Apirilaren 25ean Bidarten kokatuko den aldagune puntu bat estreinatuko da. Halaber, berrikuntzak aurkezteko eta iragan den urteko bilana egiteko, apirilaren 18an Uztaritzeko Lapurdi salan Euskal Moneta elkartearen biltzar nagusia antolatu da.

Euskal Moneta elkarteak Bidarten den Caroline Julienen Chakana dendan aldagune berria sortuko duela iragarri du. Hiribarnean kokatua den komertzioaren sorrerak euskoak Ipar Euskal Herrian bizi duen garapenaren erakusleihoa da.

Apirilaren 18an, larunbatarekin elkarteak ohiko Biltzar nagusia antolatuko du Uztaritzen. Bertan elkartasunari eta ekologiari lotutako proiektuek lortutako emaitzak aipatuko dira. Halaber, iragan den urteko bilana egiteaz gain, heldu den urteari begira entitateak pentsatutako lanak aipatuko ditu.

Ordaintzeko txartela

Horretaz gain, gogoratu behar da Euskal Monetak 2015. urtean ordaintzeko txartela martxan jarriko duela eta hunen izena eta diseinua hautatzeko lehiaketa bat martxan jarri dela. Biltzar nagusian, aurkeztutako ekoizpenak kideei erakutsiak izanen zaizkie.

Kideek apirilaren 30a arte izanen dute gehien gustukoa dutena bozkatzeko. Boza emaiteko kide bakoitzak urtesaria eguneratua izan beharko du. Elkarteak txartelaren izena denen artean hautatua izanen dela iragarri du.