Kazeta

Rousset eta Urkullurentzat AHT proiektua "lehentasunezkoa" da

Apirilaren 7an Bilbon, Akitania eskualdeko lehendakaria den Alain Roussetek eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak AHTren "lehentasunezko" izaera azpimarratu dute; nahiz eta iragan den astean ikerketa publikoak proiektuaren kontrako iritzia ondorioztatu duen frantses Estatuan.

Iñigo Urkullu eta Alain Rousset, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Iñigo Urkullu eta Alain Rousset, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Akitania-Euskadi euroeskualdearen biltzar nagusiaren karietara, Akitania eskualdeko lehendakaria, Alain Rousset, eta Iñigo Urkullu Euskal autonomia erkidegoko (EAE) lehendakariak AHTa "lehentasunezko proiektua" gisa definitu dute. Urkulluk inplikatuak diren beste administrazioei beren engaiamendua eta sostengua aldarrikatu die.

Gogoratu behar da martxoaren 30ean frantses Estatuan argitaratutako ikerketa publikoak iritzi ezezkorra plazaratu duela. Hain zuzen ere, Bordale-Akize eta Bordale-Tolosa zatien egokitasuna zalantzan ezartzen du. Haatik, EAEko lehendakariak "AHTa Europarentzat lehentasunezko pario bat" dela uste du.

Gainera, eskualde kontseilariarentzat, "nahiz eta ikerketa komisioan ustekabekoak gertatu, Parise-Bordele "euskal Y" arte eta Madril edo Portugal arteko bideak, Akitaniarentzat lehentasunezkoak dira". "Indar politiko guziekin mintzatzen naiz, eskuinekoak edo ezkerrekoak", adierazi du. "Akitaniak beti hegoaldera begiratuko du", aldarrikatu du kontseilariak.

Departamenduko kontseilua konbentzitzea

Alain Roussetek ezin dugula XIX. mendeko trenbideekin segitu azpimarratu du; bere iduriko "bide horiekin ezin da garraioen garapena asumitu". Halaber, Departamenduko lehendakari berriaren (Jean-Jacques Lasserre) jarrera ezezkorrarekin kezkatua agertu da, baina "konbentzitzeko esperantza ez du galtzen".

Eskualde lehendakariak Parisera heltzeko ordu bat irabaziko dela gaineratu du. "Gaur egun, zortzi ordu behar dira Bordeletik Bilbora joaiteko eta etorkizunean bi ordu baino gutiagotan egiten ahalko da", zehaztu du.