Kazeta

EH Baik ez du akordiorik eginen, ezta ere konsignarik emanen

EH Baik martxoaren 22an iragandako bozen ondotik, emaitzak "biziki baikorki" baloratu ditu. Bigarren itzuliari begira ez duela alderdi politikoekin akordiorik eginen, ezta ere konsignarik emanen iragarri du.

Bigarren itzulian EH Bai bost kantonamenduetan izanen da. Argazkia Isabelle Miquelestorena.
Bigarren itzulian EH Bai bost kantonamenduetan izanen da. Argazkia Isabelle Miquelestorena.

EH Bai alderdiak martxoaren 22ko bozen emaitzak "biziki baikorki" baloratu ditu. Hain zuzen ere, prentsaurrekoaren bidez eskainitako datuen arabera hamabi kantonamenduetan 17.779 bozka lortu dituela zehaztu du. Martxoaren 29an antolatu den bigarren itzulirako bost kantonamenduetan izanen dira. Ezker subiranistak ez duela alderdi politikoekin "akordiorik eginen" eta ez duela "konsignarik emanen" iragarri du.

Martxoaren 22ko emaitzen ondotik, "EH Bai indartzen ari den mugimendua" dela frogatu da. "Gauzatzen ari den alternatiba da, herritarrengandik hurbil dagoena", zehaztu du Iker Elizaldek. Halaber, alderdiaren ustez "politika liberalak desorekak handitzen ditu eta EH Bai lurraldean sustraitua da".

"Bestelako politika bat egin nahi dugu eta denen artean erabaki nahi dugu", gehitu du militanteak. Horregatik, departamenduko hauteskundeen bozen ondotik, kantonamendu bakoitzean bilerak antolatu dituzte emaitzak baloratzeko eta erabakiak hartzeko. Hain zuzen ere, orotara 300 militante inguru bildu dira.

Prentsaurrekoaren bidez, lehen itzuliaren abstentzio datua ikusita, "politika osoa" egiteko beharra handitzen dela azpimarratu da. Alderdiak "politika transparente" bat egin nahi dutela zehaztu du. "Nahi dugu hautesleek libreki erabakitzea", zehaztu du Elizaldek.

Proiektua defenditu

Donibane Lohizuneko kantonamenduan PSak adierazitako sustenguaren aitzinean, EH Baik "ongi etorria" dela adierazi du, baina beren aldetik "akordiorik ez" dutela eginen azpimarratu du. "Gure proiektua defenditu nahi dugu eta zuzenean hautesleei zuzentzen gira. Gurekin bat egiten dutenak EH Bai bozkatzera deitzen ditugu", aldarrikatu du.

Prentsaurrekoan gogoratu dute Errobi-Aturriko kantonamenduan Fronte Nazionalarekin parez-pare lehiatuko direla. "Fronte Nazionalaren ideien kontra joaiteko modurik onena, proposamenak egitea da. Hautesleengandik hurbil izanez", esplikatu du hizlariak.