Kazeta

Nazioarteko iniziatiba bat "Arnaldo Otegi eta euskal presoen askatasunerako"

Euskal Herriko bake prozesurako engaiatu den Friendship taldeak, heldu den martxoaren 24ean konferentzia bat antolatu du. Hitzorduan, Brian Currin eta Frieda Brepoels-ek parte hartuko dute. Ekitaldiak Arnaldo Otegi eta euskal presoen inguruko nazioarteko iniziatiba bat aurkeztuko du.

Etxerateko kideak Bruselako eurodiputatuekin elkartu ziren. Argazkia @Belastegi.
Etxerateko kideak Bruselako eurodiputatuekin elkartu ziren. Argazkia @Belastegi.

Bruselako Adierazpenaren urteurrenaren karietara, Euskal Herriko bake prozesurako lan egiten duen Europar Parlamentuko Friendship taldeak martxoaren 24ean konferentzia bat antolatu du. Arnaldo Otegi eta euskal presoen inguruko nazioarteko ekimen bat aurkeztuko du.

Gogoratu behar da, 2010eko martxoaren 29an Frieda Brepoels europarlamentariak, Brian Currinekin batera prentsaurreko bat prestatu zutela "Gatazken eraldaketa eta Bake Prozesuen nazioarteko liderren Adierazpena" aurkezteko.

Adierazpen hori John Humek, Desmond Tutuk, Mary Robinsonek edota Nelson Mandela Fundazioak babestu zuen. Hauek, hartutako bide "politiko eta demokratikoen" erabilpena goraipatu zuten. Horretaz gain, ETAri " konpromiso horrekin bat egin dezan, su-eten iraunkor eta benetan egiaztatzeko moduko bat" ematea eskatu zioten.

Prozesuaren ikuspegia

Prentsaurreko horren 5. urteurrenaren karietara, europarlamentarien Friendship taldeak martxoaren 24 ekitaldi bat antolatu du. Bertan egonen diren Brian Currin eta Frieda Brepoels-ek Euskal Herriaren prozesua eta bere garapenaren inguruko ikuspegia plazaratuko dute. Horren ondotik, "Nazioarteko Adierazpena Arnaldo Otegi askatu, euskal presoak etxera" nazioarteko ekimena aurkeztuko da.