Nagore BELASTEGI

Lurpeak gero eta sekretu gutiago ditu jakin-mina pizturik dutenentzat

Aspaldi gelditu dira Zugarramurdiko harpeak sorginen etxe ziren garaiak, aspaldian lehenengo gizakiek leizeen babesean artelan xumeak egiten zituzten garaiak edota urak harria garaitzen zuen aroak. Gero eta gehiago dakigu leizeziloei buruz, baina txundigarriak izaten jarraitzen dute.

Harpeak
Harpeak

Kobazulo batera sartu eta sabaietatik erortzen diren plastilina itxurazko kandela horiek harrituta begiratzen dituen haurraren aurpegia da «lilura» hitzaren definizio grafikoa. «Estalaktitak ez dira ukitu behar, bestela milioika urteren garapena eteten da», azaldu ziotelako eta hori harrigarria iruditu zitzaiolako, agian, ume hori geologoa izango da noizbait. Edo arkeologoa, jada existitzen ez den animalia baten hezurdura ere erakutsi baitzioten. Edo biologoa, ia ikusezinak diren zomorro arraroak inguruan zituela ere esan baitzioten. Edo espeleologoa, pasarelaz harago jarraitzen zuen zuloan zer zegoen jakin nahi zuelako.

Jakin-min hori asetzeko eta bisitariari «seigarren kontinentea» erakusteko helburua du Lurpea elkarteak, Euskal Herriko zortzi kobek osatutakoa. Lur azpian dauden altxor horiek erakusteaz gain, haienganako errespetua eta zaletasuna sustatzen du. Haurrek dute harritzeko gaitasun handiagoa eta, segur aski, haiek izango dira bisitaldi hauetaz gehien gozatzen dutenak, baina helduek ere asko ikas dezakete. Ahalik eta jende gehien erakartzeko, seigarren urtez ospatu zuten atzo Koben Eguna Arrikrutzen (Oñati), Ekainberrin (Zestoa), Izturitze-Otsozelaian (Donamartiri), Mendukilon (Astitz), Pozalaguan (Karrantza), Saran, Sorginen Leizean (Zugarramurdi) eta Urdazubin.

Ospakizun horren baitan sarrerak prezio erdira jartzeaz gain, bestelako ekintzak ere antolatu zituzten. Adibidez, Isturitz-Oxozelhayan Pierre Esteve musikologoak sortutako pieza batekin girotu zituzten bisitak; Ekainberrin historiaurrean bezala sua pizten, ehizatzen eta pintatzen ikasteko tailerrak eskaini zituzten kobazuloen kanpoaldean -normalean bisita arruntaren gehigarri bezala eskaintzen dute aukera hori-; Urdazubin silex materiala erabiliz sua pizteko erakustaldia eskaini zuten; Sorginen Leizean rally fotografiko bat antolatu zuten; Mendukilon espeleologia irteerak prestatu zituzten haur eta helduentzat...

Azken ekintza hori Arrikrutzen ere egiten dute urtean zehar, espeleoabentura izenarekin. Izan ere, kobazulo honetan bisitagarria den ibilbidea ez da oso luzea, eta, hala, bisita arrunta egin ostean gehiago ezagutzeko gogoarekin gelditzen denak, aukera dauka hurrengo batean uretako botak, kaskoa eta linterna hartuta mendiaren barrenetara sartzeko. Erreka oraindik bizirik dago leizean eta espeleologia ekintza honek haren bidetik jarraitzeko aukera ematen du.

Espeleologia askorentzat zaletasun bat baino askoz gehiago da. Oso serio hartzen dute euren zeregina eta aurretik aztertutako kobetan sartzera ausartzen dira. Egiten duten lan eskergari esker posible da topografiak osatzea eta gure lurpeari buruzko datu gehiago izatea. Horri esker, espeleologia egitera gerturatzen diren hurrengoek askoz errazago egin ahal izango dute lan.

Zientzialarientzat ere baliagarria da espeleologoek egiten duten lana. Izan ere, datu ugari lortzen dituzte edota aurkitutako txoko berezien inguruan informazioa ematen dute; ostean, zientzialariei dagokie horien inguruan ikerketak egitea. Kobazuloen zaleak biologoekin jartzen dira harremanetan aurkitu dituzten izakien inguruan informazioa emateko (iluntasunean saguzarrez gain beste animalia asko ere bizi dira, troglobioak esaterako); hidrologoek ur korronte zaharrak eta berriak aztertzen dituzte, azken finean kobazuloak urak egindako bidea direlako askotan; arkeologoek aztarnategietan egiten dute lan iraganeko hezur, tresna eta pinturak aztertzen; eta geologoek kobazuloetan sortu diren espeleotemak behatzen dituzte.

Azken arlo horretan aditua da Martin Arriolabengoa, EHUko ikerlaria. Apirilaren 17n Deba bailarako kobazuloetan egindako ikerketari buruzko tesia aurkeztuko du, baina puntu horretara iritsi arte leize ugari aztertu behar izan ditu. Are gehiago, horietan murgildu izan da maiz, ikerlariz gain espeleologoa ere badelako.

Antzinako klima aztertuz

Unibertsitate desberdinetako adituek, tartean EHUkoak, CuaterQ taldea osatu dute euren inguruko kobak aztertzeko. Orain arte kobazulo bakanak aztertzen zituzten, baina konturatu ziren oso zaila zela haien artean alderaketak egitea. Hala, eremu zehatzak aztertzen hasi ziren, eta, horregatik, Arriolabengoak Deba bailara aukeratu zuen bere tesia egiteko.

Esan bezala, espeleologoek topografia lanak egiten dituzte eta geologoek horren gainean egiten dute lan. Beraiek aztertzen dituzte kobazuloen barrunbeetan urteetan gertatu diren prozesuak. «Kobazulo batean lehenengo zuloa sortzen da eta gero hori betetzen joaten da. Betetzean prozesu sedimentario desberdinak ematen dira. Orduan, koban sartzen garenean, koba horrek jasan dituen prozesu horiek guztiak erregistratzen ditugu eta horiekin istorio bat kontatzen saiatzen gara», kontatu zuen egiten duten lana laburbilduz.

Adibidez, kobazulo bat irudikatzen badugu espeleotema desberdinak etortzen zaizkigu burura. Espeleotemak karbonatazioaren ondorioz leizeetan sortutako egiturak dira, adibidez, estalaktitak -alegia, sabaitik beherantz erortzen diren arrokak-. «Estalaktitak kobazuloetan tantaketa bitartez sortzen dira. Tantaketa hori kanpotik dator: euria lurzorutik iragazten da eta kobazuloan sartzerakoan kaltzio karbonatozko kristal txikiak uzten ditu. Zuhaitzeko eraztunak bezala hazten doa estalaktita, beraz, tipularen azalak bezala geruzak sortuz. Hazten doan heinean, kanpotik datorren tantan horrek sortu deneko baldintzak gordetzen ditu. Horrela badakigu zein isotopo kontzentrazio egon den, adibidez», kontatu zuen geologoak.

Estalaktita aztertzeko erditik mozten dute, eta horrela ikusten dute nola hazi den. Gainera, geruza bakoitzaren egoeraren arabera, gai dira jakiteko ea zein klima egon den geruza bakoitza sortu zen une horretan, klima hotzarekin edo beroarekin isotopo kontzentrazio desberdina dagoelako. «Historian zehar aldaketa klimatikoa nola eman den antzeman dezakegu», baieztatu zuen adituak.

Baina hori ez da dena: estalaktitak datatu egin daitezke. «Uranio-torioa isotopo erradiaktibo bat da, prezipitatzen den momentutik bertatik arroka desgastatzen doana. Hala, estalaktita hartzen dugun momentuan neur dezakegu higadura hori zein den; eta higadura horrek esaten digu zein adin daukan». Hori dela-eta, ikerlariek badakite, zehazki, erregistratu diren aldaketa klimatikoak noiz gertatu ziren.

Uraren indarra

Kobazulo asko urak eragindako higaduraren ondorioz sortuak dira. Urak arrokarekin topo egiten du, eta, pixkanaka, arroka higatzen doa; hala, urteetan zehar, ura bere bidea egiten joaten da. Arroka zati gogorrago batekin topo egitean, norabidez aldatzen du urak, eta hala osatzen dira kobazuloko galeria desberdinak. Ur maila jaistean, kobazuloa hustu egiten da, baina, aldiz, egun ezagutzen ditugun pasadizo ilun eta misteriotsuak gelditu egiten dira. Hori gertatzen da erliebea ez dagoelako geldirik. Oso motel mugitzen da, eta, horregatik, ez gara gai aldaketak ikusteko.

«Milioika urte atzera egiten badugu orain ezagutzen dugun paisaia beherago zegoen. Euskal Herria, eta batez ere isurialde atlantikoa, goraka egiten ari da. Ez da nabarmena, ez da tektonikoa, baina gora doa. Duela milioika urte beherago zegoen. Goraka egiten duen heinean urak behera egiten du, bere bidea bilatzen du arroka higatuz», azaldu zuen Arriolabengoak. Horregatik ez da zaila mazizo batean kobazulo bat baino gehiago aurkitzea. Gerta daiteke, mazizo batean bi kilometro kobazulo aurkitzea, eta 400 metro beherago beste bi kilometro. «Horrek adierazten digu noizbait erreka hortik ibili zela eta gero erliebean jaisten joan dela. Gaur egun, kobazuloetan sartzen garenean, erreka beheren dagoen pisuan aurkitzen dugu, edo zenbaitetan ez dugu aurkitu ere egiten».

Ezin bat aukeratu...

Euskal Herrian hainbeste leize daude ezen zaila den bakar bat aukeratzea, are gehiago naturaren sorkuntza harrigarriok aztertzea bizibide izanez gero. Hala ere, Arriolabengoak baditu kutun batzuk. «Praileaitz aukeratuko nuke. Nire taldeko buruetako bati deitu zioten bertan aztarna arkeologikoak zeudelako, eta, tartean harrobia zegoenez, beharra zegoelako leizea geologikoki ebaluatzeko. Hori izan zen nire lehen lana eta gero beste batzuk etorri dira, nire tesikoak barne. Nik landutakoei maitasun handiagoa diet, adibidez Urtiagari edo Aizkoltxo... Txikiak dira, ez kobazulo handiak», aitortu zuen.

Orain CuaterQ taldeak Karrantzan dauden Torca del Carlista eta Pozalagua kobetan proiektu bat hasi nahi du. «Asmoa da ahalik eta hobekien lantzea geologiaren ikuspuntutik, azaldu nola sortu diren, nola eman diren prozesu desberdinak, mundu mailan kobazulo oso bereziak baitira». Izan ere, biak ala biak oso garrantzitsuak dira. Torca del Carlistak Europako aretorik handiena dauka, munduko bigarren handiena. Bertara sartzeko zulo bertikal bat besterik ez dago eta sokekin rapelatzen jaitsi behar izaten dute espeleologo eskarmentudunek. «Azken saltoak ia 100 metro bertikal ditu, eta inpresio handia ematen du, oso sala handi batera irteten baitzara». Bertatik ateratzeko, noski, rapelatu egin behar izaten dute.

Pozalagua, ordea, ezagunagoa da. Gainera, publikora zabalik ere badago. Estalaktita eszentrikoen dentsitate handia dago, hau da, goitik behera hasi baina segituan okertzen doazen estalaktita txiki eta bitxiak. Zaila da zabalik dauden kobazuloetan horrelakoak aurkitzea, hain finak izatean segituan hausten direlako. Horregatik, Pozalaguako kobetara sartzea espektakulu hutsa da.

Espeleologia abentura eta natura uztartu nahi dutenentzat jarduera perfektua izan daiteke, baina arriskutsua ere bada zenbaitetan. Kontuan izan behar da sarri leku estuetatik pasatu behar dela edota uretan sartu. Kolpeak ere arruntak dira. «Kobazulo batean pentsatzerakoan irudika dezakezu espazio zabal batetik zutik zoazela, baina, askotan, ez da horrela. Batzuetan metro bat egiteko bost minutu behar dituzu pasabidetik estu-estu zoazelako; pazientzia handia behar duzu. Hori pixkanaka landu behar da», gomendatzen du geologoak.

Kirol honetan hasteko gomendagarria da lehenik ikastaro bat egitea eta ondoren talde batekin harremanetan jartzea. Interesa dutenentzat modalitate hau lehen aldiz praktikatzeko arriskurik gabeko aukera bat izan daiteke euskal leize turistikoek ematen dutena, adibidez, Mendukilok eta Arrikrutzek prestatzen dituzten irteeretan parte hartuz.

Estalaktita eta estalagmitez gain, kobetan dauden beste espeleotemak

Txikitatik ikasten dugu kobazuloetan estalaktitak eta estalagmitak daudela; lehenak goitik behera doaz, eta, bigarrenak, behetik gorantz. Baina horiek ez dira espeleotema bakarrak. Biek topo egiten dutenean zutabea osatzen da; estalaktitak alde batera okertzen direnean anemolito deitzen dira; tantaketak lurrean zuloa egiten duenean konulito bat sortzen da; estalaktitek paretatik zintzilik dauden oihalen itxura hartzen dutenean banderolak osatzen dituzte; antoditak kristalezko orratz luze eta meheak dira; arrokak urtzen ari den itxura hartzen duenean kolada izena jasotzen du; izotzaren antza duten egiturak sortzen direnean frostwork-ak dira; gours-ak gainazal zapal batean osatzen diren putzuak dira; batzuetan arrokak estaltzen dituzten geruza zuri eta krematsuei ilargi-esneak deitzen zaie; estalaktitak finak eta hutsak direnean makarroi izenez ezagutzen dira; kanika zuriak osatzen badira, leizeetako perlak direla esaten da... Hori bai, horiek guztiak irudikatzeko modurik onena bertatik bertara ikustea da. N.B.