goizeder taberna

Aldaketen hauteskundea

Lurralde erreformaren ondorioz, aldaketa frango izanen dira heldu diren bozen ondotik. Ipar Euskal Herriko hautesle guziak departamenduko kontseilariak hautatzera deituak dira.

Pauen dagoen departamenduko biltzarra emaztez osatuko da erditara.
Pauen dagoen departamenduko biltzarra emaztez osatuko da erditara.

Pirineo Atlantikoko Departamenduko kontseilariak hautatuko dituzte ipar Euskal Herriko bozkazaleek. Bi itzuli izanen dira horretarako, martxoaren 22an lehena, 29an bigarrena. Lurralde erreforma dela eta, berrikuntzekin heldu da hitzordua. Beste aldietan ez bezala, aldi huntan, hiru herrialdeetako biztanleak joaten ahalko dira bozkatzera, hautesbarrutiak handitu dira eta binonioak dira hautatzen.

Gizon bat eta emazte bat. Aldaketarik ikusgarriena hori izanen da, hain segur, Pauen dagoen departamenduko biltzarra erditara emaztez osatuko baita. Bi baizik ez ziren ipar Euskal Herrikoak orain arte : M. C. Aragon (PS) eta J. Séguéla (UMP). Hamabi izanen dira hemendik aitzina. Orobat, 21 euskal kontseilari izan ordez, 24 kontseilari izanen dira antolakuntza berri horren ondorioz.

Gobernu sozialistak bultzatutako erreformak eragina izaten ahal luke, guti edo asko, biltzarraren kolore politikoarengan. 21 kantonamendutik 12tara iraganez, bozkaguneen mugak mugitu dira. Handitu dira gehienetan, oroz gainetik barnekaldean. Sozialisten onerako diote batzuek, baina hori frogatzekoa gelditzen da, giroa ez baita haien aldekoa.

Eskuina nagusi

Hamahiru kiderekin, egun, eskuina da nagusi lurralde huntako kontseilarien artean. Zazpi dira alderdi sozialistakoak edo hurbilekoak eta bat abertzalea. Alta, Pauen Ezkerreko taldeak du departamenduaren gidaritza. 2011ko azken hauteskundeetan, historian lehen aldiz, sozialista batek lortu zuen lehendakaritza. Egun, Georges Labazéek (PS) bere lehendakari tokia uzten du eta Jean-Jacques Lasserrek (Modem) berreskuratzea amesten du.

Urdin edo arros, hautesleek hautatuko duten kolorekoa izanen da Departamenduko kontseilua. Lehen aldiz, kantonamendu guzietako bozkazaleek hautatuko dituztenak, zeren ez baita gehiago aldizka bozkatzen tokiaren arabera. Orain arte, hiru urtetik behin kontseilari nagusien erdia berritzen zen. Horrek egiten du, besteak beste, hauteskunde hauek ipar Euskal Herriaren errealitate politikoa zein den ikusteko balioko luketela, parte hartzea ez balitz hain apala (%50koa aitzineko bozetan Pirineo-Atlantikoetan).