Kazeta

Iparraldean Bertan!: Ipar Euskal Herriko kulturaren erakuslehioa

Martxoaren 4an hasiko da Ipar Euskal Herriko kultur sorkuntza ezagutzeko aukera eskainiko du Iparraldea Bertan! zikloak. Hamalaugarren edizioak lau hitzordu izanen ditu, denak Koldo Mitxelena Kulturunean. Besteak beste, Aire Ahizpen kontzetua edo "Xalbador, izana eta izena"  dokumentala.

Martxoaren 4tik 25era iraunen du Iparraldea Bertan zikloa.
Martxoaren 4tik 25era iraunen du Iparraldea Bertan zikloa.

Euskal Kultur Erakundeak eta Gipuzkoako Aldundiak antolatutako Iparraldea Bertan! zikloa martxoaren 4tik 25era iraunen du. Bertan antolatutako hitzorduetan hiru kantaldi eta dokumental bat ikusteko parada eskainiko da. Kantu tradizionala eta gaurkotasuna uztartuko ditu aurtengo edizioak, sortzaile berrien ekarpenak eta betiko kantuen ibilbideari arreta berezia eskainiaz. "Ipar Euskal Herriko kultura aberastasuna Gipuzkoako hiriburuan ezagutaraztea du xede", Euskal Kultur Erakundeak adierazi duen bezala. 

Eskaintza zabala dakar aurten ziklo horrek. Erramun Martikorena Koldo Mitxelenan izanen da (martxoak 25, 19.00), baina haize berriak ere sentitu ahal izanen dira Donostian, Miege bikoteak dakarren musika elektronikoarekin, esaterako (martxoak 18, 19.00). Tartean, Aire Ahizpek (hilak 11, 19.00) kantu tradizionalaren eta sortzaile berrien arteko zubia nola gauzatu den agertuko dute.

Xalbadoren istoria

Aurtengoan, gainera, Xalbadorrek garrantzi berezia izanen duela jakinarazi zuten martxoaren 2an antolatzaileek Donostian egindako aurkezpenean. Eneko Dorronsorok haren inguruan egindako dokumentala ikusi ahal izanen da; Xalbadorren lau seme-alaben lekukotasunekin, film intimista batek emanen dio hasiera zikloari, martxoaren 4an bertan, 19.00etan, Koldo Mitxelena Kulturunean.