Euskara ikasteko hiztegia hutsez betea

Duela aste batzu Larousse argitaletxeak "Le Basque dans votre poche" hiztegia argitaratu du. "Gustuko zigiluak biltzeko" edo "Aitzinean eskubidea da?" bezalako adierazpenak aurkitzen dira bertan. Anitzentzat hizkuntzarekiko eta euskalzaleekiko "errespetu falda handi bat" da.

Charlotte DALMONT eta Iurre BIDEGAIN|04/03/2015 08:00|0 commentaires
Dico
Larousse-k akatsekin bretainiarraren inguruko hiztegi bat argitaratu zuen.

"Nola dago? Ni gauza asko interesatzen. Ni historia interesa du. Zer nolako zuen gustuko musika?". Adierazpen horiek hiztegi bateko euskarazko adibide gisa agertzen dira. Duela bizpahiru aste Larousse argitaletxeak "Le Basque dans votre poche" hiztegia argitaratu du. France 3-k iragarri duenez, euskara erakutsi beharko lukeen liburuan akats ortografikoak eta adierazpen zentzugabeak agertzen dira.

"Le Basque dans votre poche" (Euskara zuen sakelean): euskarazko oinarrizko maila erakusten dituzten 96 orrialde, lau euro baino gutiagoren truke. Horrela ikusita, erakargarria izan daiteke, baina orrialdeak ireki eta "zentzugabekeriak" daudela ohartzen gira. Gainera, ez da lehen aldia argitaletxeari horrelako gauza bat gertatzen zaiola, Bretainiarrez argitaratutako hiztegi batek antzeko kritikak jaso zituen.

Bea Sallaberryk, AEK-ko erakasleak, azken hiztegi horretaz mintzatzen entzun zuen eta ondotik ezagun batek euskarazko edizioa aipatu zion. Erakasleak adierazten duen bezala, irakurri baino lehen bazekien oinarrizko kontzeptuak erakutsiko zituela, baina azkenean lortu eta irakurri zuenean konturatu zen "akatsez josia" zegoela.

"Larousse bezalakoek lekuko hizkuntzei buruz zerbait egin nahi dute. Haien helburua errentagarritasuna lortzea da, baina euskalzaleentzat onartezina da", aldarrikatu du Sallaberryk. Bere iritziz, "eredutzat" aurkezten diren hiztegi hauek "hizkuntzei kalte zabala egiten" diete. "Argiki, errespetu eskasa da", gehitu du.

AEK-ko erakaslearen ustez, orrietan agertzen diren ortografia eta gramatika hutsak "Google-n itzultzaile batekin egindakoak dira". "Larousse erreferentziala da hiztegi edo entziklopedietan. Lehen aldia da horrelako zerbait gertatzen dela argitaletxearekin", zehaztu du Sallaberryk.

Eskuragarriak diren akatsak

Sare sozialen bidez agertu diren kritikaz gain, Beñat Oiharçabal ikerleak gutun bat bidali die Larousse argitaletxekoei,  produktua liburu dendetatik erretiratzeko. Hain zuzen ere, gaur egun hiztegi hau hainbat komertzio eta liburutegitan eskuragarri da.

"Ikusi dudanak, ez du itxura ona", azpiamarratu du Peio D'Uhalt, Baionako Elkar liburutegiaren zuzendariak. Bere iritziz, "ez da lehen aldia akatsak ikusten ditugula hiztegi batean". "Zailago da adituak atxemaitea hizkuntza minorizatuentzat, ingelesa edo alemaniarrari konparatuz", gehitu du. Zuzendariak adierazi du, produktuarekiko interesa duten bezeroei akatsak jakinaraziko diela.