@belastegi

Etxeratek giza eskubideen urraketa salatuko du Europako Parlamentuan

Martxoaren 3an eta 4ean alderdi ezberdinekin bilduko dira senideek eta presoek dispertsio politikaren erruz pairatzen duten egoera salatzeko. Hitzaldi batetan ere parte hartuko dute Amerika Etxean Kolonbiako errepresaliatu batekin batera.

 

 Aieteko Bakearen Etxean egindako agerraldia. A.CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Aieteko Bakearen Etxean egindako agerraldia. A.CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Etxerateko 11 kide Bruselara joango dira martxoaren 2tik 5era bitartean Europar Parlamentuko talde politiko eta eragile ezberdinekin hitz egiteko asmoz. Bilerak martxoaren 3an eta 4an izango dira eta haiekin biltzea onartzen dutenei, presoek eta senideek pairatzen duten giza eskubideen urraketa sistematikoaren berri emango diete, gaur eguerdian Donostiako Aieteko Bake Etxean egindako agerraldian azaldu dutenez.

2014ko abenduan aurkeztutako urtekaria erabiliko dute senideei aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe politikaren adierazle bezala. Bozeramaileen arabera, txosten hori aurkeztu zutenetik euren egoera hobetu beharrean okertu egin da.

«Tranpa legalak martxan jartzen ari zirela ikusten genuen orduan, baina momentu hartan ezin genuen imajinatu ere egin, tranpa legal horiek Eusopako legedia, aginduak, oso osorik urratzeko helburuarekin ari zirenik», esan dute. «Tranpa» horien artean, espetxealdien luzatzea aipatu dute, oraindik kartzelan dauden eta kalean egon beharko luketen presoak daudelako.

Beste «tranpa» bat da presoak abokatu gabe uztea. «Espainiako Erreinuak abokatuak bahitu nahi izan ditu ere Europan Giza Eskubideen urratzeagatik kondena berriak ekiditeko», azpirramatu dute bozeramaileek.

Gaixorik diren presoak aipagai

Preso gaixoen gaia ere jorratuko dute Parlamentuan, uste dutelako haiekiko ez dagoela inongo mugimendu humanitariorik. Hala, esklerosi anizkoitza duen Ibon Fernandez Iradiren kasua aipatu dute, Estatu frantsesak honen inguruko erabakia hartu beharko duelako martxoaren 28an. «Orduan neurtu ahal izango dugu eskubideak urratzearen alde egiten duen ala ez».