Kazeta

Garapen kontseiluak elgarrizketa soziala sustatu nahi du

Garapen kontseiluak otsailaren 18an elgarrizketa soziala bideratuko duen tresna berri bat aurkeztu du. Partaide sozialekin aitzina eraman duen iniziatiba aitzindari hunek langile eta nagusien sindikatuen arteko elgarrizketa bideratuko luke.

Garapen kontseilua partaide sozialekin batera, iniziatiba berria aurketu dute. Argazkia Bob EDME.
Garapen kontseilua partaide sozialekin batera, iniziatiba berria aurketu dute. Argazkia Bob EDME.

Otsailaren 18an, astezkenarekin, Garapen kontseiluak giza eskubideen ikusmolde berri bat proposatu du Ipar Euskal Herrian. Partaide sozialekin bideratutako iniziatiba hau bi urteko gogoeta baten emaitza da. Elgarrizketa sozialerako tresna bat sortzeko helburua du. Hain zuzen ere, tresna honi esker nagusien erakundeek eta soldatadunen sindikatek "mahai berdinean" mintzatzeko parada izanen dute.

Garapen kontseiluak iniziatiba aitzindari bat aurkeztu du. Entitatea "ideien laborategi" bat bezala ezagutua da, batez ere "lurraldearen interesen garapenean" zentratzen dena. Bi urteko gogoeta ondoren, Garapen kontseilua ohartu da enpresa txikien arteko lankidetza beharrezkoa dela egituraketa mota horien hobekuntza ekonomikoa bideratzeko. Horretarako, tresna berri hunek orain arte eskuratzen ahal ez dituzten zerbitzuak eskuragarriak bilakatu nahi ditu. Adibidez, tokiko formakuntzaren eskaintza edo laguntza ekonomikoen eskaerak.

Helburu zehatzak

Garapen Kontseiluak lehentasunezko bost tematika definitu ditu. Alde batetik, lan munduko osagarria eta bizi kalitatea bideratzea. Lurralde mailako enplegu eta gaitasunen kudeaketa aurreikustea. Bestalde, giza baliabide politikoen hobekuntza sustatzea mutualizazio tresnen bitartez. Halaber, "eskola eta enpresen" arteko zubiak sortuz, gazteak lan munduari hurbiltzea. Azkenik, partekatuak izanen diren esparruak garatzea; bereziki baserrietan.

Estatu frantsesean langileen eta buruzagien sindikaten artean lan egiteko tresna hau aitzindaria da. Aurkezpenean adierazi dute batzorde berezi bat sortuko dela elgarrizketa sozial hori bideratzeko. Animazio eta aurrekontu zehatzak eskeiniko dira komisio honen ibilmolderako.

Finantziamenduari dagokionez, Garapen kontseiluak adierazi du Hautetsien kontseiluak gidatu duen 2014-2020 Lurralde kontratuen egitasmoen artean dagoela. Zehaztu dutenez, Estatua lehena izan da partaide publikoen artean proiektuaren onarpena adieraztea.