Iurre Bidegain

Garazi-Baigorriko pizinak

Herri elkargoko gehiengoak pizina proiektua onartu du eta orain finantziazio iturrien bila ari da. Proiektuak Donibane Garazin erdi estalia izanen den pizina eta konpetiziorako izanen den beste igerileku bat sortzeko helburua du. Oposizioak "lurralde osoa" kontutan hartuko lukeen egitasmoa proposatu du; Baigorriko "funtzionalitatea" mantentzeko eta zerbitzuen zentralizazioa oztopatzeko.

Donibane Garaziko pizina hetsia izanen da proiektu berria gauzatzen bada. Argazkia Sylvain SENCRISTO.
Donibane Garaziko pizina hetsia izanen da proiektu berria gauzatzen bada. Argazkia Sylvain SENCRISTO.

Garazi-Baigorriko pizinen proiektua aspalditik aipatzen da Baxe Nafarroan. Berriki, herri elkargoko gehiengoaren proiektua onartua izan da: pizina bat erdi-estalia, konpetizioetarako igerileku batekin, hori guzia Donibane Garazin. Oposizioak, Baigorriko pizinaren arraberritzea nahi du eta Donibane Garazin egitura estalia eskaintzea. Gisa horretan, bi herrien zerbitzuak orekatuak izanen liratezke eta zerbitzuak "ez liratezke toki berean zentratuak izanen".
Jean Michel Galantek, herri elkargoko presidente ohiak, 2008. urtean abiarazi zuen Garazi-Baigorriko proiektua. Haren ideia Donibane Garazin pizina estali bat egitea zen, "barne eta kanpoko populazioarentzat". Sei urtez proiektua aitzina joan zen eta "obrak hasiko baino lehen", 2014. urteko herriko bozekin gehiengoa aldatu eta arduradun berriek beste ideia bat plantan ezarri dute.
Galanten proiektua gogorki "kritikatu dute kostu altuagatik". Alternatiba gisa, proiektu berri bat aurkeztu dute. Hau da, Donibane Garazin pizina erdi-estalia egitea eta honetaz gain, sei lerroko igerilekua egitea konpetizioetarako. Gaur egun dagoena "hetsiz".
Antton Curutcharryk, Baigorriko axuantak zehaztu duenez, gehiengoaren ideiaren aitzinean oposizioak beste proiektu bat proposatu du. Hain zuzen ere, Donibane Garazin pizina osoki estalia egitea eta bestalde, Baigorrikoa normetara egokitzea. Gisa horretan, Donibane Garazikoak urte osorako zerbitzua eskeiniko luke eta Baigorrikoa konpetizioetan erabiltzen ahalko litzateke; bi lurraldeen arteko oreka bat lortzeko xedearekin.
"Guk proposatutako proiektuak lurralde osoa kontutan hartzen du. Ulertzen dugu Donibane Garazin pizina bat egin behar dela, baina gure proiektuarekin Baigorrikoak funtzionalitate bat gordetzen du", zehaztu du Curutcharryk. Axuantaren ustez, Baigorriko igerilekua mantentzeak garrantzia du, "gazteentzat aisialdi bakarrenetarikoa delako".
Zerbitzuen zentralizazioa
Antton Curutcharryren iritziz, pizinaren arazoarekin "entseatzen dira sineztaraztea Baigorri-Garazi arteko eztabaida bat dela, baina ez da hala. Eztabaida orokorra da". "Jokoan sartzen dena eremuarekiko duzun ikuspegia da. Gure irudiko garapena edo zerbitzuak ez dira konzentratu behar hiri ttipi horietan", aldarrikatu du Antton Curutcharryk.
Halaber, adierazi du proiektuaren aldeko "ihardokitze anitz" izan dituztela. "Sustengua erakutsi digute ez bakarrik Arrosa, Banka edo Urepeleko herriek, baizik eta Aintzile, Mendibe edo Duzunaritzekoek ere. Herri horiek lurralde proiektu baten lantzea beharrezkoa dela pentsatzen dutelako", gehitu du Curutcharryk.
Proiektua bozkatua izan denean, axuantak esplikatu du "hautetsi anitzek bozkatu dutela pentsatuz Baigorriko pizinari buruzko estudio bat eginen dela". Baina momentuz ez da gauzatuko eta hori da oposizioak lortu nahi duena. "Estudioa egin behar da orain jakiteko zer arraberritu eta horren arabera jakinen da nola egiten dugun Donibane Garazikoa", aldarrikatu du Curutcharryk. 

Finantzazio iturrien xeka
2014. urteko abenduaren 15ean izan zen azken bilkura eta gehiengoaren proiektua bozkatu ondotik, "orain ikusi behar dugu gauzatzen ahal den". "Proiektua onartua da finantziamendu iturriak zihurtatu gabe; biziki fite ari dira", zehaztu du axuantak.
"Kontrako bozka azkar bat bada, baina oposizio zozoan ez gira aritzen ahal. Erakusten badugu zinez Baigorrikoa zalantzan dela, behar bada [indar harreana] orekatzen ahal dugu gehiago. Gu esperantzarekin ari gira", gehitu du Antton Curutcharryk.
Etorkizunari begira, Baigorriko axuantak esplikatu du xede ezberdinak dituztela. Alde batetik, ulertarazi nahi diete proiektuaren alde bozkatu duten hautetsier "ez dela Baigorriko arraberritzea eginen". Bestalde, denen iritziak ezagutzeko asmoz herritarrei zuzenean galdetzea proposatuko dute.
"Guk berriz eztabaidatu nahiko genuke. Gaia berriz mahai gainean ezarri, sobera inportanta baita ekipamendu hori Baigorrirentzat", aldarrikatu du Antton Curutcharryk.