Iurre BIDEGAIN

Auzi politikoen bukaera exijitu dute 1600 pertsonek Donibane Garazin

Libre Baxe Nafarroak sustengu komiteak antolatua eta “Intza, Aurore eta beste guziak libre” lelopean, 1600 pertsona mobilizatu dira Donibane Garazin. Herriko etxetik abiatutako martxak, herriaren "ihardotze eta galdeen entzunarazi" ditu: "demokrazia, bakea, adierazpen askatasuna, justizia eta jendetasuna".

1600 pertsona elkarturik "Intza, Aurore eta besteak libre" lelopean egindako manifestazioan. Argazkia: Bob EDME.
1600 pertsona elkarturik "Intza, Aurore eta besteak libre" lelopean egindako manifestazioan. Argazkia: Bob EDME.

“Intza, Aurore eta beste guziak libre”. Mezu hau ozen entzuten ari da aspaldi Libre Baxe Nafarroa komiteak antolatu duen sustengu kanpainari esker. Kontzertu, antzerki eta mintzaldeen ondotik, gaur 1600 pertsona (Mediabasken kondaketaren arabera) elkartu dira “auzi politikoen bukaera” exijitzeko. "Euskal herriak eta herritarrek bakea eraikitzeko urratsak emaiten dituzten memento berean, horra bi estatuen erantzuna: auziak eta presondegiratzeak, presoak beti bezain urrun eta dispertsatuak!", aldarrikatu du komiteak.

Aurore Martin eta Intza Oxandabaratzek mobilizazioaren hasierako pankarta atxiki dute. Beren gibelean, elkartasuna erakutsi nahi izan dieten pausuak. "Horrelako auziak prestatzen dituzunean, norbera ez da berdin joaiten jakinez herria zurekin dela. Horrek dizu indarra emaiten", adierazi du Aurore Martinek.

Gazte edo heldu, Donibane Garaziko karrikak ttipiak gelditu dira hitzordura hurbildu diren pertsona guziak biltzeko. "Libre" mezupean, kolore laranja garaile izan da Baxe Nafarroko herrian. Parte hartzaileek, besteak beste, "Intza, Aurore herria zuekin" oihuak entzunarazi dituzte.

Manifestazioaren bukaeran, sustengu komiteak gogorarazi du Intza Oxandabaratzen auzia heldu den urtarrilaren 21an dela eta horren ondorioz preso sartzeko mehatxua duela. "Familia eta lagunengandik urruntzeko" helburua duen agindu posiblea, "probokazio" bat dela uste du dinamikak. "Ulertezina" iruditzen zaie eta taldeak azpimarratu du iritzi berdina konpartitzen dutela Garazi-Baigorri-Oztibarreko 230 auzapez eta kontseilariek. Hauek mozio bat izenpetu zuten Intzaren atxilotzearen kontrako jarrera adieraziz. " Heldu den astean, justizia itsu egon ez dadin nahi dugu. Intza libre utz dezan nahi dugu. Herri hunen galdea entzun dezan nahi dugu", adierazi dute.

Aste huntako gertakariak aipagai

Halaber, sustengu komiteak gogorarazi du Aurore Martin eta Haizpea Abrisketak astelehenean hasi behar zutela beren auzia, baina "Mate" operazioaren eraginez, beren abokatuak atxilotuak izan ziren. Orotara 16 pertsonek epailearen aitzinean pasa ziren asteartean, urtarrilaren 13an, operazio honen ondorioz. Hain zuzen ere, "azken egun hauetan goraipatua den adierazpen askatasun hori baliatzeagatik zigortu nahi ditu Espainiar estatuak".

Halaber, hitza hartutakoak gogorarazi du asteartean Auzitegi Gorenak kondenen metaketari buruzko erabakia. "Hemen ere gatazkarekin finitzeko nahikeria zer heinetakoa den neurtzen ahal da".

Donibane Garaziko merkatu estalian egindako diskurtsoan, gizartea " jokamolde horien gaitzesteko eta bake bidearen eraikitzeko" prest dela aldarrikatu dute. "Aski da! Auzirik ez! Gora Euskal Herri librea!". 

Etorkizuneko mobilizazioak

Gainera, Baxe Nafarroko sustengu komiteak iragarri du heldu den urtarrilaren 21an, Intza Oxandabaratzen auziaren karietara, elgarretaratze bat eginen dela 19.00etan Donibane Garaziko herriko etxearen aitzinean. Modu berdinean, Aurore Martin, Haizpea Abrisketa eta beste 33 militatenteen auziarekin, hainbait mobilizazio eginen direla aitzinatu dute.