KAZETA

Aitzinak kontseilu nagusiaren "mespretxuzko" jarrera salatu du

Abenduaren 23an, Aitzinak lurraldetasuna aldarrikatzen zuten panelak jarri zituen eta biharamunean "indar guztiak martxan jarriz", kontseilu nagusiak kendu zituen. Gazte antolakundeak jarrera "ulertezina" salatuz, "herritarren borondatean oinarritutako Euskal Herri aske bat eraikitzen segituko" dutela iragarri dute.

 

Aitzinak etorkizunean hainbat hitzordu prestatu ditu. Argazkia Aurore LUCAS.
Aitzinak etorkizunean hainbat hitzordu prestatu ditu. Argazkia Aurore LUCAS.

Gazte antolakundeak abenduaren 23an egindako ekintzaren ondotik, kontseilu nagusiaren jarrera gogorki salatu du. "Gure lurraldearen mugak" markatu nahian, probintzien artean eta Frantses estatuarekiko mugan, "gure herria eta probintzia agertzen" zituzten panelak ezarri zituzten. Ekintzarekin, Aitzinak "herritarok erabakitzeko beharra" plazaratzeko helburua zuten.

Biharamunean bertan, "bere indar guztiak martxan" jarriz, kontseilu nagusiak ekimen eraikitzailean agertutako panelak kendu zituen. "Jarrera hori arrunt ulertezina eta onartezina zaigu. Euskal jendartearen borondatearekin guztiz aurkakoa da", azaldu du gazte antolakundeak.

Aitzinak azpimarratu du beren jarduerekin segituko dutela, "frantses estatuaren ukazio eta jazarpenen" gainetik. Beren irudiz, kapitalismoak eragindako prekaritatea nagusi den garai hauetan, herritarren hitza gakoa da".

Etorkizuneko hitzorduak

"Kapitalismoaren inposizioak baztertuz eta justizia soziala ardatz", hainbat hitzordu prestatu dituztela iragarri dute. Alde batetik, "elkarlanetik elkar ezagutzara" pasatzeko helburuarekin, Ernai antolakundearekin batera mendi martxa antolatu dute apirilaren 2tik 4ra.

Halaber, maiatzaren 1an, "borroka sozialaren sinboloa" den egunean, "gure jardueraren inflexio puntua izanen da".

Gainera, heldu den urtarrilaren 10an, Sarek Bilbon antolatutako manifestazioarekin bat egiten dute. Masiboki joateko deia luzatuz, Aitzinak aldarrikatu du: "euskal herritarrok bizi ditugun giza eskubideen urraketen aitzinean ezin gira pasibo gelditu".