Tomas Garbizu kantagile handiaren gorazarrez

Heldu den azaroaren 26an Tomas Garbizu kantagilearen heriotzaren 26. urteurrena iraganen da. Horren harira, Aurkenerenak bizitza kulturalean murgilduta zegoen eta bereziki musikaren bidetik ibili zen artistaren ibilbideaz idatzi du.

2015/11/17 | 0 iruzkin

Orain dela hogeita sei urte, 1989ko azaroaren 28an itzali zitzaigun betiko Lezoko musikagile handia izan zen Tomas Garbizu Salaberria, bere heriotzarekin euskal konpositore handiren belaunaldi oso bati amaiera emanez. 1901. urtean jaioa zen eta orduz geroztik bizitza kulturaren, eta bereziki musikaren bide zabaletatik abiatua zuen, geldiunerik gabe, taiarik gabe…  beste mundurako deia aditu zuen arte. Gazte-gaztetatik zaletasun berezia azaldu zuen musikarekiko, eta Lezoko parrokiako organoa jotzen hasi zen. Bere ikasketak borobiltzeko Arantzazura eta Donostiara joan behar izan zuen, eta urte luzetan Pasai San Pedroko organo-jolea izan ondoren, Madril aldera abiatu zen, non hainbat antzokitan organo-jole ibili eta gero, Frantziako enbaxadan bukatu zuen, bertako organo-jole ofizialtzat hartu zutelarik. Hurrengo pausoa Parisera joatea izan zen, eta han zenbait urte eman ondoren, Euskal Herrira itzuli zen, Donostiako Kontserbatorioko katedra lorturik. Bertan, solfeo ikasketak ematen aritu zen erretiroaren tenorea iritsi arte.

    Izatez biziki erlijiosoa zen, eta iturririk nagusia euskal kantu herrikoietatik zihoakiona zuen.  Hauxe dena egin zituen musika lanetan islatzen da. Bizitzan zehar denetarik egin zuen: eguberri abestiak, herri kantak, meza kantak, habanerak, ereserkiak,… baina gehien atsegin zuena abesbatzetarako musika egitea zen. Bere musika bizi-bizia zen, erritmo handikoa, barneko sua pizten duen horietakoa. Sari ugari irabazi zituen. Bereak dira, beste musika lan askoren artean, honako hauek: Xauli-xauli, Akerra ken, Tríptico al Buen Pastor, Missa Benedicta, Baso Jaun, Zu ta ni, Babiloniko, A Pamplona voy, Garbiñe,…   Burutu ziten mezen artean, Herriko Meza eta Gure Meza izenekoak izan dira, zalantzarik gabe, ospe gehien eman diotenak.

    1.982ko abenduaren 18an, Lezoko udal agintariek ongi merezitako omenaldia eskaini zioten, eta Garbizuk ordainez, orduz geroztik Lezoko ereserkia den Lezoko Herria kantu sentitua egin zuen. Gaur himno honen jatorrizkoa, haren eskuz idatzirik, Lezoko Udaletxeko geletako batean daukate ikusgai. Ikus dezagun: 1.- Itsaso gainetik / Jaizkibel mendia./ Mendi gibelean /  Jaizkibel oinetan  / Lezoko herria 2.- Hemen biltzen dira/ euskaldun jendea / Antzinetik baita / guztiz ezaguna / Gurutze Ahalduna./ 3.- Ezker, eskuin zelai, / baserri ondorengoen oinarri / Ohitura zaharrak agurgarriak / herriko seme / gizon argiak./ 4.- Gora gora Lezo, / hain izen haundiko. / Gure aurrekoen / sorleku garbia /  euskaldun herria./ 5.- Izan lagun arteko / Herri maitaleak. / Zahar eta gazte, / haur ta emazte, / egin dezagun bat./ 6.- Eguna bezin laster / zabal atariak. / Agur zuri / ta zuk neri,/ lagun-hurkoari / Agur, agur, agur,/ agur t´erdi!!!
     
    Baina Tomas Garbizuz hitz egiterakoan ezin dezakegu musikaren arlora soilik mugatu, lezoar langile porrokatu hau bestelako kultur bideetan ere saiatua izan baitzen. Kultur gizon polifazetikoa, euskaltzale handia, abertzale sutsua genuen Garbizu, eta haren euskaltzaletasunak bultzaturik, gazte urteetan euskaraz idazteari ekin zion.

    Haren senideetako bi, Jon Garbizu Zibigar, eta Daniel Garbizu Iruzubi euskal idazle trebeak izan ziren, eta Tomasek, Tege ezizenaz izenpetuz, anaiek urraturiko pausoak jarraitu zituen, haiek bezain tinko eta dotore. Zoritxarrez , 1936ko gerrak garbizutarren luma bizkorrak errotik ebaki zituen, eta ordura arte idatzitakoa ahanzturan gelditu zen, Patri Urkizuk eta Patxi Intxaurrandietak beraien idazlanak jaso eta liburu baten itxuraz plazaratu zituzten arte, hau da, 1991. urtera arte. Liburu horretan, hiru anaien idazlanak, olerkiz zein hitz lauz, azaltzen dizkigute.

                                                                        
Tomas Garbizuren lan gehienak hitz lauzkoak dira: kazeta artikuluak, saioak, ipuinak,.. baina badira hainbat olerki sentikor eta gartsu ere. Olerkietan aberria, bizia, kristau fedea ditu mintzagai. Ikus dezagun segidan Aberri izeneko olerkia. Horra hor:  1.- Zure semea bila zabiltza / ene aberri maitea!/ -Zelaitik mendi, menditik baso,/ ezin arkitu ordea./
-Ikusi zaitut arnas esturik,/ harkaitz zorrotzak igotzen./ -Harkaitz honentxen, leizezulotan,/ zure semea bilatzen./ -Ikusi zaitut itsas barrena,/
ene semetxo!, deika zu./ 2.- Ez da hemen, -hark erantzun zizun-/ zure semerik azaldu./ -Ikusi zaitut bihotz saminaz./ Hura bai zala miñ dunda!/
-Arrats larrian amaitu gabe,/ ekaitz dun haize burrunba./ -Lapur doilorrak oinperatuta,/ itxaropena galdurik./ -Izerdi hotzaz dardar oihuka:/ Hatoz semetxo nigatik!

    Baina olerkari eta idazle moduan ona bazen ere, esan daiteke, okertzeko bat ere beldurrik gabe, zerbait izatekotan Tomas Garbizu musikaria izan zela, musika izan baitzen Tomas ospearen aldareetara eraman zuena. Eta honelaxe onartu zioten bizirik zegoen bitartean Euskal Herrian eta Europa osoan, haren izena gainerako euskal konpositore handien parean ipiniz, hau da, Guridi, Usandizaga, Ravel, Aita Donosti, Sorozabal, Eskudero… eta horrelakoen parean.

    Lezo herriak horrelaxe ulertu zuen eta horregatik makina bat omenalditxo eskaini zion. Horietako handiena 1982ko abenduaren 18an egin ziona. Omenaldi horretan Lezoko Udalak herriko seme kuttuntzat hartu zuen. Altamira auzoan dagoen kale bakarrak bere izena darama, baita Lezoko Musika Akademiak ere, eta aipaturiko akademiaren aurreko zabaldian bada Tomas Garbizuren omenezko estatua bat. Xanti Zabala Lexo bertsolariak honako bertso ederrak eskaini zizkion 1989ko jai egitarauaren liburuxkan: 1.- Maixe ez denak, nola aipa zenbait maixu?/
Estuasun horretan, hemen natorkizu./ Bertsolari soil baten lan xumea aizu!/  nahiz gehiago merezi, zuk Tomas Garbizu.// 2.- Zehatz-mehatz ez dakit, noski zure berri,/ baina haundi zarela, nik ere igarri./ Euskal musikagile finan ezaugarri,/ ondratzen duzu Lezo eta Euskal Herri.// 3.- Herriko parrokian, koruan hasia,/ harrezkero baduzu zerbait ikasia./
Laurogei eta zortzi urteko bizia,/ jenioek baitute jenio bizia.// 4.- Lanerako ausarta, perezarik eza,/ artista kastakoa, ez huts ezereza./ Organoentzat presta, hainbeste pieza./ Zu berdintzea ez da izango erreza.// 5.- Musika arin edo sakonen lan erak,/ menderatzeko berdin dituzu manerak,/ zortzikoak, kantatak, mezatan aukerak,/ pelikulentzat doinu eta habanerak.// 6.- Lezo herri txikian, behin sortu lorea;/ nola neurri dezaket zure balorea./ Zu Herriarentzako zera ohorea,/ ohore zuri euskal konpositorea!

    Haren heriotzaren berria zabaldu zen une beretik, ikurrina eta lezoar bandera makil erdian eta xingola beltzekin ezarri zituzten, konpositore handiaren oroimena ondratu nahian. Sendiak Altzako kanposantuan duen hilobian sartu bazuen ere, lehenago gorpua Lezora eraman zuten, eta Olatzar hilerriko kaperan eduki zuten lezoarrek San Joan Bataiatzailearen parrokian azken agurra ematen zioten bitartean. Meza bukatuta, herritarrek Lezoko Herria kantatu zioten, eliza erraldoiaren hormatzarrak dardaraziz.

    Hilabete bat beranduago, hau da, 1989ko abenduaren 1ean, Gurutze Santuaren baselizan, eta Lezoko Udal Musika Akademiak Santa Xixiliren omenez antolaturiko kontzertuan, herriko alkate zen Mikel Arrizabalagak bere azken adioa luzatu zion, hitz hunkigarriez haren bizitza goratuz eta haren lana denentzako etsenplu moduan ezarriz. Buka dezadan idazlan hau Tomasen iloba Jon Garbizu Aranburuk prentsaren bidez osabari eskaini zizkion Osaba Tomas hil da! izeneko bertso sorta lerro hauetara ekarriz:
1.- Gaurko egunsentia / goibel ta iluna, / Euskal Herri guztian / agertu zaiguna; / Hodeiak estali du / ortze izarduna / lurrean hil dalako / osaba kutuna // 2.- Atturritik Gorberaino / entzun da oihartzuna / Tomas Garbizu hil da / ixildu ttunttuna! / Euskadik galdu baitu / seme ezaguna, / musika arloan hainbat / lan egin duena. // 3.- Musikari trebea,/ gizon ospetsua,/ olerkari eta idazle / samur ta eztitsua;/ Jainko legeak zaintzen / zorrotz eta zintzua,/ Aitorren hizkuntzaren/ maitale ohoretsua.// 4.- Bete berriak laurogei / eta zortzi urte,/ bihotza ta burua / zenituen gazte;/ Orain hilko zinanik / ez genuen uste, / lajatako hutsunea / nola orain guk bete?// 5.- Hemen gelditzen dira / zure abestiak, / zure irakaskuntzak,/ eta hitz garbiak;/ zure anai eta ilobak,/ ahaide guztiak,/
olerki, idazlanak / eta eresiak.