Martin Gilbeau: Urruñako euskaltzale handia

Martin Gilbeau Oiartzabal urruñarra zen, euskaltzale eta idazle handia, xiur aski, Urruñak izan duen intelektualik handiena. Baina euskaltzalea eta idazlea izateaz gain, politikan ere aritu izan zen. Antiklerikala, aurrerakoia eta hezkuntza laikoaren aldekoa.
Donibane Lohizunen auzapeza izan zen. Bertako apezei. katixima erakusteagatik, herriko etxeak ematen zien soldata kendu zien eta hori ez zioten inoiz barkatu. Euskalgintzan ere baztertzen saiatu ziren.  Donibanen badu karrika bat bere izenarekin, baina Urruñan ez du deus. Horixe da, artikulu honen bidez oroitzapenetatik berreskuratu nahi dudan pertsonaia.

2015/02/19

Ainitzetan euskal kulturan eragile handiak izan direnak gure oroitzapen kolektibotik arras ahantzia dauzkagu. Gauza batengatik edo bestearengatik, gure historiatik arrunt baztertuak ditugu. Horixe da Martin Gilbeau euskaltzale handiarekin gertatzen zaiguna. Urruñarra eta Urruñan gaur guztiz ezezaguna duguna.  Zergatik? Zendako? Zein izan da bere hobena? Zergatik ahantzi dugu? Ba al du horretan zer ikusirik bere antiklerikalismoak? Horretan nago ni, bederen.                             

1.- Gilbeauren sortze eta gaztaroa.-

Martin Gilbeau Oiartzabal Urruñan sortu zen 1839ko agorrilaren 3an. Aita itsasgizona zuen eta ama Pexeeneberriko etxekoandrea. Aita Le Lapin izeneko ontzian aritzen zen lanean, eta itsasoan desagertu zen Martin sortu zen urte bereko abenduan. Hiru anaia-arreba izan zituen, baina hiruak haurtzaroan hil zirenez gero, Martin umezurtz gelditu zen, amarekin bakarrik, lau hilabete zituelarik. Umezurtza zela eta, estatuak eman hainbat laguntzaren bitartez, goi mailako irakaskuntzara iritsi ahal izan zen. Medikuntza ikasketak burutu zituen Bordeleko Saint-André ospitalean, eta 1869ko otsailaren 16an mediku titulua atzeman zuen.

Sendagile titulua eskuan zeukala, Euskal Herrira itzuli zen, eta Donibane Lohizunen aritu zen lanean, Hazparneko seme zen Xan Battitt Larralde mediku eta olerkariarekin batera. Urtebetez bakarrik, 1870. urtean hil baitzen hazpandarra. Orduz geroztik Donibanen bizi izan zen Marie Dihursuribehere-rekin ezkondurik.



2.- Gilbeau, Donibane Lohizuneko auzapez.-

Arras ezaguna zen garaiko donibandarren artetan, eta horrek bultzatu zuen 1878ko urtarrilaren 6an izan zen bozketan errepublikarren zerrendaburu aurkezteko. 213 bozka atzeman zituzten eta horren arabera lau ordezkari egokitu zitzaizkien. Eskuindarrek, berriz,  hemeretzi ordezkari lortu zituzten. Legeak administrazioaren esku uzten zuen kantoiko hiriburuetako auzapezaren hautaketa, eta honek hauteskunde Gilbeau doktorea hautatu zuen Donibane Lohizuneko auzapez. Kargu horretan jarraitu zuen hamar urte luzez.

1878ko agorrilaren 28 eta 29ko eta 1882ko otsailaren 11ko ekaitz handien ondoren, badia hetsi zuen eta portu hobetu. Bainuetxe pare bat eraiki zuen, kasinoa zabaldu zuen eta 1879an, hiri osorako gasa bermatu zuen gas-lantegia eraiki zuen. 1881 eta 1883 urteen artean, lintzurako lurrak idorrarazi zituen eta urbanizazio plangintza zehatz bati jarraiki,  Aintzirako eta Haize-errotako auzotegiak sortu.  


    Lau urteko legealdia bukatzean, berriro hautatu zuten auzapez 1881eko urtarrilaren 9an. Urtebete berantago, hau da, 1882ko martxoaren 28an, Pariseko Parlamentuak  irakaskuntza beharrezkoa eta laikoari buruzko legea atera zuen. Lege hau beharrezkoa zen zazpi eta hamahiru urteren arteko haur guztientzat. Lege honek ordura arte irakaskuntzan aritzen ziren errejenta edo maisu erlijiosoak kanporatu zituen eta haien ordez, errejenta laikoak ezarri.
Gilbeauk, errepublikarra izaki, irakaskuntza publiko eta dohainekoaren alde egin zuen.

    1884ko maiatzaren hauteskundeetan hirugarren aldiz hautatu zuten auzapez. Donibane Lohizuneko irakaskuntzan bi apez aritzen ziren, Etxeberri eta Elizaga . Gilbeauk, irakaskuntza laikoaren alde eginez, ordura harte herriko etxeak hilero pagatzen zien ordaina kendu zien. Honek eskandalua eta kalapita sortu zuen. Donibandar fededunak, baita alderdi errepublikarrari bozka ematen ziotenak ere, Gilbeau doktorearen aurka jarri ziren. Azkaingo erretorea, I. Doihanbehere Donibaneko bikarioen alde lerrotu zen. Hauek Gilbeauren antiklerikalismoa bazter guztietan barna zabaldu zuten, eta horrela, 1888ko maiatzaren 6an izan ziren hauteskundeetan Goihenetxe doktorea nagusitu zitzaion eta auzapez kargua kendu zion.




3.-  Gilbeau, euskal kulturaren bultzatzaile.-

    Baina Donibane Lohizunek auzapez ona galdu bazuen, erran beharra daukagu, euskal kulturak eragile eta bultzatzaile bikaina irabazi zuela. Martin Gilbeauk, auzapez kargua galduz geroztik, bete-betean aritu baitzen euskararen eta euskal kulturaren alde. Hala eta guztiz ere, euskal kulturaren arloan mugitzen ziren apez eta fededun ugariek nehoiz ez zioten barkatu auzapez izan zelarik, Etxeberri eta Elizaga bikarioei ordaina kendu izana, eta, nahiz eta Donibane Lohizuneko Elizaga erretorearekin eta Adema Zaldubi kanonikoarekin adiskidetasun handia izan,   horietako ainitz  ibili ziren aldiro zangalatrabak jarriz eta Gilbeau doktorearen lanak oztopatuz.
Heientzat Gilbeau deabruaren pertsonifikazioa zen.

    Martin Gilbeauren euskaltzaletasuna zaharra zen. Jadanik, hamasei urte zituela Euskaldun baten bihozminak Indietan izeneko bertso sorta idatzi zuen. 1859an, hogeita hiru urte zituela, Antton Abadiak Urruñan antolatu zituen Euskal Bestetan hirugarren saria eskuratu zuen Euskaldun desterratua olerki sortarekin. Horra hor lehen bi koblak eta azken biak. Osora hamaika dira.
     1 - Triste jarria desterruan, / Orai noha kantatzera, / Zer dudan maite mundu huntan / Dolu minez erraitera. / Sort-herria! / Lur maitia! / Sekulan / Bizian  / Ezin ahantzia! / Adios! adios mendi ederrak, / Nihon parerik gabeak! / Adios! adios ibai bazterrak, / Eta oihartzun emeak! / Adios! Laphurdiko alhorrak! / Adios, ene amoreak! / Adios! adios en'herritarrak!
     2 - Denbora iragan ondoan, / Orai dut orai ikhusten, /  Ez dela herria sekulan / Ez aski nihoiz prezatzen. /  Sort-herria / Lur maitia! / Sekulan / Bizian  / Ezin ahantzia! / Adios! adios mendi ederrak, / Nihon parerik gabeak! / Adios! adios ibai bazterrak, / Eta oihartzun emeak! / Adios! Laphurdiko alhorrak! / Adios, ene amoreak! / Adios! adios en'herritarrak!
      10 - Lur atzean laster da histen / Lore ederren botza. / Hasi orduko birlandatzen / Hala da histu enea. / Sort-herria!/  Lur maitia! / Sekulan / Bizian  / Ezin ahantzia! / Adios! adios mendi ederrak, / Nihon parerik gabeak! / Adios! adios ibai bazterrak, / Eta oihartzun emeak! / Adios! Laphurdiko alhorrak! / Adios, ene amoreak! / Adios! adios en'herritarrak!
11 - Zoinen garratz den desterruan / Orai dut orai ikhusten, / Ez dut, ez dut uste munduan / Min dorpheagorik baden! /  Sort-herria! / Lur maitia! / Sekulan / Bizian  / Ezin ahantzia! / Adios! adios mendi ederrak, / Nihon parerik gabeak! / Adios! adios ibai bazterrak, / Eta oihartzun emeak! / Adios! Laphurdiko alhorrak! / Adios, ene amoreak! / Adios! adios en'herritarrak!

1872ko lehiaketara Einadak izeneko bertsoak igorri zituen, baina epailekontserbadoreek ez zituzten onartu. Gilbeauk gogor kritikatu zuen jukutri hori L`Avenir des Pyrénées delakoan idatzi zuen hainbat artikulutan. Ikus ditzagun bertsoak:
           1 -  Ametsetan ihunik, herria gogoan, / Goiz batez banindagon jarria leihoan, / Einadak lorietan zohatzen airean, / Orhoitzapen bat phiztu dautet bihotzean.  2 -  Norat zohazte, norat, einada maiteak? / Ez urrun, ez hegalda, hegaztin emeak, / Senda zatzue, othoi, ene arantzeak, / Agor zuen hats-onaz ene onhazeak!  3 -  Zer berri dakharzue ene sor herritik? / Nigarrez hari nago nere desterrutik, / Orhoitzapen dorphea! othe duk parerik? /Aphal zaizte, einadak, goan gabe bixtatik. 4 - Hara-han hainitz urrun mendi Eskaldunak, /  Ikhusirik zarete heldu, hegaztinak, / Zer dio bere haurraz ene ama onak, / Nigatik nigarretan maizegi dagonak? 5 -  Zer diote haurraren maithatu lagunek? / Zer ezin ahantzizko haran oihartzunek? / Ni gabe, hek gabe ni! nere hatsberenek / Iraun bezate iraun nola mundu honek!  6 - Baina oi! bihotz mina! jadan bazohazte! / Zer! nihork sortherrian ez othe nau maithe? / Zeru goretan barna arinik zohazte, / Ene dohakabea! aira ezin naite.  7 -  Laster duzue berriz eskaldun herria, / Ikusiren, einadak, oi! zuen zoria! / Nik hemen auhenetan, oroz ahantzia, / Tristerik iraganen dut ene bizia. 8 -  Eldu den primadera berriz agertzean, / Bizi banaiz oraino nere desterruan, / Hegalda zaizte, othoi, ene leihopean, / Eta erran zer berri den ene sorlekhuan.

    Hortik aitzina, buru-belarri aritu zen ikerketak egiten eta  Arturo Kanpion, Jose Manterola, Elizanburu eta beste euskaltzale ospetsurekin batera euskal aldizkari eta jaiak bultzatuz. 1881ean eta 1882an lehen Euskal jaiak antolatu zituen Donibane Lohizunen. Geroxeago, beste euskaltzale liberalekin batera, Association Basque izenekoa sortu zuen Uztaritzen.   Bertan ibili ziren San Martin eta Harriaga --Hazparneko morroskoa deitua-- diputatuak, Arturo Kanpion iruinsemea, J.D.J. Salaberri Mauleko notarioa, Uztaritzeko Duhart eta Ezpeletako Haltzuet auzapezak… Elkarteko lehen lehendakaria Gilbeau doktorea izan zen. 1894an Hazparnen bildu ziren, 1895ean Ezpeletan, 1896an Kanbon, eta 1897an Saran, azken herri horretan Elizanburu omendu zutelarik.


    Sarako bilkura horretan, Gilbeauk eta Vinson euskalariak euskararen ortografia finkatzeko akademia bat sortzea deliberatu zuten. Azkenik, 1901eko irailaren 16an, Hendaian lehen Euskal Ortografia Biltzarra izan zen, eta bertara hurbildu ziren Bidasoaren bi aldeetako euskaltzalerik famatuenak:
Azkue, Arana-Goiri, Arturo Kanpion, Txomin Agirre, Serapio Mujika, Adema Zaldubi, Arbelbide, Broussain, Hiriart-Urruti, Daranatz…  Biltzar honetatik Euskal Herriko Literatura Federazioa sortu zen, Adema Zaldubi lehendakari eta Martin Guilbeau idazkari izanen direlarik. Hortik sortu zen geroxeago, 1902. urtean, Euskaltzaleen Biltzarra eta Euskal Esnalea 1908an.
Urte berean, Martin Gilbeauk bere azken lana plazaratu zuen: Hitztegiko pasarte batzuek izeneko hiztegiñoa. Baionako Euskal Erakustetxean Euskal herriko hizkuntza mapa bat ezarri zuen erakusgai, baina zorigaitzez, ez da gure egunetara iritsi. 1912ko abenduaren 11n Donibane Lohizunen hil zen, hirurogeita hamahiru urte zituela.

-----------------------------------


    Bere ideologia errepublikar eta liberalak adiskide franko eman bazion ere, etsai handiak ere sortu zizkion, eta hauek dira, neurri handi batean, Gilbeau doktoreari oztopo ezarri ziotenak, bai politikan eta bai euskalgintzan. Ainitzek ez zioten nehoiz barkatu Donibane Lohizuneko eskoletan egin zuena, hau da, eskola publiko eta laikoa bultzatzea. Euskaldun kontserbadoreek, karlisten aldeko hautetsi eta euskaltzaleek begitan zuten, eta garesti ordainarazi zizkioten auzapez garaian egindakoak. Donibane Lohizunen badu karrika bat bere izenarekin, baina Urruñan, bere sorterrian, guztiz ezezaguna da. Hurrengo urteetan Urruñak kitatu beharko luke Martin Gilbeau Oiartzabal euskaltzale handiarekin duen zorra. Hala bedi.