Anaiz Aguirre Olhagaray

Baiona-Garazi tren ibilbiderako maiztasun handiagoa

Abendutik landa, Lapurdiko eta Baxe Nafarroako hiriburuak lotzen dituen burdinbidean hamasei bidaia eskainiko ditu, orain arteko zortziekin konparatuz. Etxetik lanera joaten diren erabiltzaileentzat hilabeteroko abonamendua 50 eta 100 euro artekoa izanen da.

Ordutegi berriak neurri handian CGT-Cheminots sindikatuko kideen aldarrikapenak biltzen ditu. © Gaizka IROZ
Ordutegi berriak neurri handian CGT-Cheminots sindikatuko kideen aldarrikapenak biltzen ditu. © Gaizka IROZ

Irailaren 19an Kanbon bildutako TER lineako batzordearen atarikoan, Mathieu Bergé kontseilariak Baiona eta Donibane Garazi lotzen dituen 54. linearen berri eman zuen prentsaren aitzinean. Etorkizuneko bi trenak gurutzatu daitezen Kanbon egin beharreko lanak bukatu ondotik, abendutik landa maiztasuna emendatuko dute eta egunerokotasunean lanera joateko erabiltzen dutenek prezioan abantailak izanen dituzte.

Aurtengo testuingurua iazkoa baino hobea dela erran zuen Mathieu Bergék. Bere hitzetan, orduan "azpiegitura arazo ainitzek" apaltzea nabarmena eragin zuten Bordele-Hendaia ibilbidean. "Baiona eta Hendaia arteko zatian 25 minutu ari ginen galtzen eta horrek urtebeteko eskaintzaren kalitatea baldintzatu zuen", argitu nahi izan zuen eskualdeko kontseilariak.

Baiona-Garazi ibilbideak ere zalantza sortzen zuen, 70 milioi euroko inbestimendua egin baitzuten arraberritu ahal izateko. SNCF-k ontzat emanen zuen akordio bat lortu aitzin, burdinbideko langileek garraio plana errefusatu zuten urtarrilean. "Aurten azpiegitura arazoak konpondu eginen dira eta estatistikek diote erregulartasuna emendatu egin dela", adierazi zuen Bergék.

Ordutegi berriak

Maiztasuna emendatzeak "urtebeteko erabilpenean milioi bat euroko gastua ekarriko du eta Kanboko geltokiko lanak egiteko beste milioi bateko inbestimendua, gisa horretan errailen gurutzatzea bermatuz”, erran zuen. Diruztatzeari dagokionez, Akitania Berriko eskualdeak eta Euskal Herriko Mugikortasun Sindikatuak erdibana ordainduko dituzte gastuak.

Ordutegi berriak etxetik lanera doazen bidaiarien beharretara egokituko dira, eta baita Donibane Garaziko Nafarroako lizeora doazen ikasleentzat ere. Beraz, astelehenetik ostiralera, goizeko lehen trena 06.31tan abiatuko da Donibane Garaztik, Kanbotik 07.06tan pasa eta Baionara 07.36tan arribatzeko. Kontrako norabidean, Baionatik goizeko 06.41tan aterako da trena, Kanbon 07.05tan gelditu eta bidaia 07.45ean bukatuko da.

Egunaren hondarrean, Donibane Garazirantz doan trena hartu ahalko da Baionan, arratsaldeko 17.09tan edo 18.27tan. Kontrako norabidean, Baxe Nafarroako hiriburutik 16.57tan edo 18.19tan. Baionara arribatu aitzin, trenak Ortzaize, Bidarrai, Kanbo, Haltsu-Larresoro eta Milafrangan geldituko dira. Itsasu, Luhuso eta Jatsuko geltokietan ez da zerbitzurik izanen.

Prezioei dagokienez, egunerokotasunean trena erabiltzen dutenentzat hilabeteroko abonamendua 50 eurokoa izanen da Baiona-Kanbo ibilbidea egiteko eta 100 eurokoa Baiona-Donibane Garazikorako. Mathieu Bergéren arabera, "egiazki aurreztea" da, ibilbidea autoz egitearekin konparatuz gero.

Sindikatuen garaipena

Mobilizazio sindikalak bere emaitzak eman ditu eta burdinbideetako CGT-k garaipentzat hartu ditu neurri berriak. "Baina dena ez da bukatua", ohartarazi du erakundeak, beste eskakizun batzuk betetzear daudela gogora ekarriz, hala nola: "ibilbidearen garapen osoa, Donibane Garazira bitarteko zerbitzuen kopurua emendatzea eta astean zehar Donibane Garazin oinarrizko zerbitzuen ordutegien hobekuntza”, aipatu ditu. Mathieu Bergék segurtatu zuenez, goizetan tren gehiago sartzeko gogoetan ari dira.