Goizeder Taberna

Migrazioa: Elkargoak diru-laguntza xerkatzen du Pausa gunerako

Hautetsiak babesle batekin harremanetan dira Baionako migranteen harrera gunea diruztatzeko. Gisa berean, Euskal Elkargoak Estatu kontseiluan frantziar Estatuaren kontrako prozedura abiatuko du.

Euskal Elkargoak Pausa gunearen diruztatzean parte hartzen du 2018ko azarotik. ©Guillaume FAUVEAU
Euskal Elkargoak Pausa gunearen diruztatzean parte hartzen du 2018ko azarotik. ©Guillaume FAUVEAU

Euskal Elkargoak Pausa harrera gunea urriaren 31 arte diruztatzen segituko du. Baina ondotik zer gertatuko den galdetzen dute bai hautetsiek bai lokalean lanean ari diren elkarteek ere. Frantziar Estatuaren laguntzarik gabe, babesle baten aukerari heldu diote, migranteei harrera egiten dieten hiriak laguntzeko interesa duen entitate batekin elkarrizketak abiatuz.

“Hau ez da dispositiboaren bukaera”, erran zuen Jean-René Etchegaray Elkargoko lehendakariak lasaitasun mezua eman nahirik. Irailaren 16an hautetsiek Baionan kokaturik den lokala diruztatzeko akordioa arraberritu zuten kontseilu iraunkorrean. Instituzioak bi hilabetez 36.225 euro ordainduko ditu hilabetero. Iragarri diren epeen aitzinean Martine Bisautak agerturiko arrangura dela eta, lehendakariak berak eta Baionako Christine Lauqué hautetsiak egungo desmartxak zertan diren azaldu zuten.

Dosierraz arduratzen den hautetsiak babeslea izaten ahal den entitatearekin urriaren 3 eta 4an Parisen bilkura bat aurreikusi dutela erran zuen. Lokalaren berrantolaketa ere gogoetatzen ari dira. Urriaren bukaeran “dispositiboaren kudeaketa optimizatzeko aukera ezberdinak aztertuko ditugu, arraberritzeko moldeak erabaki ahal izateko”, zehazten du asteartean bozkaturiko ebazpenak.

Euskal Elkargoak Estatu Kontseilura joko du

Halaber, Elkargoak Estatu Kontseilura jotzeko asmoa du, gobernu frantsesak Ipar Euskal Herritik iragaten diren migranteez arduratzeko diruztatzea segurta dezan. Grande-Synthe hiriak eta bertako elkarteek jada egina dute eta ekainaren 21ean auzitegiak haien alde egin zuen. Euskal hautetsiek Estatuaren kontrako prozedura abiatuko dute laster, Baionako harrera gunearen finantzazioa “giza arrazoiengatik” egin zela argudiatuz.

Bederatzi hilabete hauetan, Pausak 9.000 pertsona hartu ditu, gehiengoa Bidasoaz bestaldetik jinak. Jarduera gehien izan duen garaietan, lokalak 200 eta 240 pertsona artean errezibitu ditu egunero. Egun ehun lagun daude bertan. "Italiako mugak berriz idekitzeak beharbada gauzak berraztertzera eramango gaitu", erran zuen Jean-René Etchegarayk. Hitz hauek herrialde horretan bizi den egoera bezain zalantzakorrak dira.